Bidasoko muga zaintzeko saiakeren inguruan gehiago ezagutzeko, Miguel de Aranburu Gipuzkoako Historialarien Elkarteak hainbat jardunaldi antolatu ditu.
1615eko Printzesen trukatzea, Mullen van der Franzen margolanean irudikatuta
Lau mende bete dira aurten 1615ean Bidasoan lehen printzesa trukatzea izan zenetik. Gertakari historiko horretaz eta Lehen Mundu Gerran Comete Sarea eratu zen arte Bidasoko muga zaintzeko saiakeren inguruan gehiago ezagutzeko,
Miguel de Aranburu Gipuzkoako Historialarien Elkarteak hainbat jardunaldi antolatu ditu Hondarribiko Udalarekin eta Donostia Kulturarekin elkarlanean. Kultur Etxean bi hitzaldi eta beste bi mahai inguru egingo dituzte, gaur, eta hurrengo ostegunean.
Carlos Rilova Jerico historialariak
1615 eta 1815 urteen artean muga babesterakoan izan ziren gertaerak aztertuko ditu gaur Kultur Etxean, 19:00etan. Hedapenez txikia den arren, Gipuzkoak Bidasoan duen muga historikoki garrantzia handikoa dela azalduko du Rilovak. “Ikuspegi kronologikotik begiratuta, 1615 eta 1815 urteen artean, eta data horien aurretik eta ondoren, muga lehen mailako baliabide estrategikoa bihurtu zen, eta zenbait potentziak hura bereganatu nahi izan zuten, ederki baitzekiten haren kontrola funtsezkoa zela potentzia haiek, XVI. eta XIX. mendeen artean zituzten planen arabera, Europa edo munduaren hegemonia lortzeko”, azaldu du aurkezpenean.
Hitzaldiari mahai inguru batek emango dio jarraipena, 20:00etan.
Gerra eta bakea Aro Modernoan gaiaren inguruan solastuko dute Rilovak berak, Alfonso Mateo Sagastak eta Gonzalo Serratsek. Moderatzaile bezala Alvaro Aragon Ruanok jardungo du.
Eta hurrengo ostegunean, hilak 8, Comete Sarea izango dute hizpide. Hitzaldia Juan Carlos Jimenez Aberasturik emango du, eta ondorengo solasaldian Fernando Rodriguez Insaustik eta Carlos Rilovak izango ditu ondoan.
Hondarribikoez gain, beste bi hitzaldi antolatu ditu Miguel de Aranburu elkarteak. Donostiako Okendo Kultur Etxean egin dituzte irailaren 18an eta 24an, eta besteak beste, Hondarribiko setioa landu dute.