Larunbat honetan, urriak 3, manifestazioa egingo da Donostian EH Bilduk eta EH Baik deituta. Bakea, erabakia izango da leloa eta Artzai Onetik aterako da 17:00etan.
Migel Mari Torrea, Eneritz Arbelaitz, Izaskun Sorondo eta Julen Mendoza goizeko agerraldian
Larunbat honetan, urriak 3, manifestazioa egingo da Donostian EH Bilduk eta EH Baik deituta.
Bakea, erabakia izango da leloa eta Artzai Onetik aterako da 17:00etan. Oarso Bidasoko EH Bilduk deia luzatu diete herritarrei bertan parte hartzeko. Goizean egin dute agerraldia Oiartzunen.
“Bakearen bidean urratsak ematen jarraitu behar” dela eta “elkarbizitzan eta bakegintzan eredu izaten” nabarmendu dute: “Ez dioezaiogun uko egin bakean behin betiko bizitzeko ametsari. Jarrai dezagun posible dela erakusten. Jarrai dezagun, bakoitzak guretik, dagokiguna eginez, herri bezala bakea eraikitzen”.
Azken 175 urteotan Euskal Herriak gatazka bizi izan ez duen belaunaldirik ez duela ezagutu gogorarazi dute eta Aieteko bake konferentziak “esperantza ireki” bazuen ere, oztopoak eta trabak ugariak izan direla nabarmendu dute. Bide horretatik, joan den astean atxilotu zituzten Ramuntxo Sagarzazu oiartzuarrari eta Iratxe Sorzabal irundarrari zein euren senide eta lagunei elkartasuna eta babesa helarazi nahi izan diete.