Ramuntxo Sagarzazuk defentsa prestatzeko denbora gehiago eskatu du. Oiartzuarra Fleury-Merogisen dago, eta Iratxe Sorzabal, Fresnesen.
Poliziak, Baigorriko etxea miatzen atzo. Argazkia: Isabelle Miquelestorena
Larunbatean epailearen aurretik pasatu ondoren, hark Iratxe Sorzabal irundarra, Ramuntxo Sagarzazu oiartzuarra nahiz David Pla eta Pantxoa Flores espetxeratzeko agindua eman du. Baigorrin, asteartean egindako polizia operazioan atxilotu zituzten laurak. Sagarzazuren kasuan, ordea, oiartzuarrak haren defentsa prestatzeko denbora gehiago eskatu du. Epaileak horren gaineko erabakia asteazkenean hartuko du, ordura arte ere espetxean jarraituko du.
David Pla eta Pantxoa Flores Fleury-Merogisera bidali dituzte, Iratxe Sorzabal berriz, Fresnesen dago. Epaileak Ramon Sagarzazuri buruzko erabakia hartu arte Fleury-Merogisen egongo da.
Larunbatean ezagutu ziren atxilotuen aurkako karguak. Fiskalak Pla eta Sorzabali leporatzen die “helburu terroristekin pertsonen aurkako atentatuak prestatzen dituen talde bateko zuzendaritzako kide” izatea. Horrez gain, beste bost kargu ere badituzte euren gain, besteak beste, armak eta dokumentu faltsuak izatea.
Flores eta Sagarzazuri ordea “helburu terroristak dituen gaizkile taldeko kide” izatea leporatu diete.