Euskara nahi dute entzun Hondarribiko kaleetan, erabilera handitu eta prestigioa itzuli hizkuntzari. Horiek lortzeko tresna izango da bihar sortuko den euskara elkartea.
Prozesuko dinamiketan parte hartzaileen kezkak konpartituak zirela konprobatu zuten
Euskara elkartea izango du bihartik aurrera Hondarribiak, lehenengoz. Guraso talde baten kezkatik udaberrian abiatutako prozesuak erditu du elkarte berria, eta bihar goizean deitu duten batzar irekian, izena aukeratu eta lehen urratsak ematen hasiko da modu ofizialean. Hondarribian euskararen presentzia eta prestigioa handitzea ditu lehen helburuak. Eragiteko esparruak berriz, haur eta gazteen zein helduen erabilera eta euskalkia berreskuratu eta indartzea dira.
Hona iritsi arteko ibilbidea “luzea” izan dela esan du Aritz Enparanek. Jaime Altunarekin batera, euskararen gaineko gogoeta abiatu zuen hondarribiarretako bat da Enparan. “Guraso batzuen kezkatik abiatu zen guztia. Kezkatuta zeuden herrian gaztetxo eta haurren artean nahiz eta D ereduan izan, euskara geroz eta gutxiago entzuten delako eta gaztelera geroz eta gehiago. Hondarribia herri euskalduntzat jotzen den neurrian, kezka sortu zen”.
Etxean guztia euskaraz eginda ere, kalean, euren artean, gazteleraz egiten dutela gazteek, eta zerbait egin beharra zegoela pentsatu zuten. Biltzen hasi ziren guraso horiek, gutxi batzuk hasieran, baina zabaltzen joan zen bilgunea. “Lau lagun izatetik hamar lagun izatera pasa ginen. Ez gara denak gurasoak, kezka hortik abiatu bazen ere, denetariko jendea elkartzen gara”, azaldu du Altunak.
Bilera horietan zertan eragin, nondik abiatu eta bereziki nola aztertzen hasi zirela gaineratu du Enparanek, “ideia handirik ez genuen eta Topagunearekin harremanetan jartzea erabaki genuen. Gure kezka bera zuen jende gehiago biltzea lortu behar genuela esan ziguten eta parte hartze prozesua abiatzea erabaki genuen”.
Parte hartze prozesua
Hiru saio egin zituzten guztira, Hondar Alea Euskararen Ibian parte hartze prozesuaren barruan, eta deialdia inguruan zituzten lagunekin eta kartel bidez egin zuten herrian barrena. 50 lagunen erantzuna jaso zuten. Ez omen zuten espero hainbeste jende biltzea eta balorazio ezin hobea egin dute Altunak zein Enparanek, “helburua ez zen elkartea sortzea, Hondarribian gure kezka bera zuen jende gehiago ba ote zegoen jakin nahi genuen, eta bertatik zerbait antolatuagoa abiatzea. Kezkak partekatu nahi genituen, eta aurrerantzean zer egin zitekeen aztertu. Zenbat jende zegoen lanerako prest ere jakin nahi genuen”.
Parte hartze prozesuko taldeetako bat
Parte hartze prozesutik eratorri zen beraz euskara elkartea sortzeko beharra, “forma juridikoa eman beharko litzaiokeela gure kezkari ondorioztatu genuen parte hartzaileek, egoitza bat edukitzeko, diru laguntza eduki ahal izateko…”.
Bilera irekia izango da biharkoa. Jendetsua izatea ere nahiko lukete deitzaileek, eta Amute-Kostako Auzo Elkartearen egoitzan egingo dute. Izan ere, oraindik ez du egoitza euskara elkarteak eta orain arte Gazte Xaian, Gazte Asanbladaren egoitzan, biltzen ari dira. Estatutuak onartzea izango da bileraren puntuetako bat. Elkarte berriaren izena adostea, beste bat. Izen proposamenak jasotzen aritu dira weborrialde batean, eta jasotakoen gaineko balorazioak egin dituzte ondoren. Gelditu diren izenen artean erabaki beharko dute bakarra, eta “faborito batzuk” daudela onartu badute ere, ez dute nahi izan ezer aurreratu, “halere, bertako hizkeratik hartutako izen asko dago, eta halakoren bat aukeratuko dugula guztien artean uste dut”, esan du Altunak.
Zuzendaritza bat ezinbestekoa dela argi dute bi kideek, baina parte hartzearen alde egiten dutela argi esan dute, “beharrezkoa delako hiru izen izango dira, baina kide guztien artean erabakiko ditugu ekimenak. Egin nahi diren gauzak egin ahal izateko tresna izango da forma juridikoa, aterkia”.
Mito faltsua
Erabileran eragin beharra dutela argi dute, “nola da kontua”, esan du Altunak, “eragitekotan gertuko ingurunean eta norbanakoan eragingo dugu. Eragin dezakegu gaiarekin kezkatuta gaudela adierazita eta gauzak egiteko prest gaudela erakutsita. Horrekin batera kezka zabaldu egin behar dugu eta baita euskararen prestigioa ere. Ezinbestekoa da bietan eragitea”.
Erabileraren aldeko mezua, olinpiadetan
Hondarribiak mito faltsua ere badu Altunaren iritziz, “herri txikia izatea, herri euskalduna izatearekin lotzen dugu askotan, eta gurea hala dela uste dugu. Hondarribia ordea, ez da hain txikia, 16.000 biztanle ditu. Irun ondoan dugu, bestalde, eta harekin alderatuta pentsa dezakegu gurea oso euskalduna dela. Bada mito puntu bat eta horrek erlaxatzen gaitu. Horrekin apurtu behar da”. Mito hori oso errotuta dagoela berretsi du Enparanek, “bertakoentzat euskalduna da Hondarribia. Sinistuta daude ez dugula ezer egin behar euskara mantentzeko. Baina eguneroko errealitatea ez da hori”.
Bertako euskararen galerak kezkatzen ditu ere, “hilzorian dago” esan du Altunak, «30 urtetik beherako ia inork ez du ezagutzen euskalkia. Penagarria da. Bertako hitz arruntak, ‘laja’ kasu, agian arrotz egiten zaizkie. Euskalkia ez zela duina batuarekin alderatuta pentsa zezakeen bateren batek, eta ez da transmisioa egin. Hutsune izugarria izan da, eta ez dakit ahal izango dugun berreskuratu”.
Hondarribiko euskara elkarte berria izango denak ateak eta leihoak ditu zabalik parez pare euskararekin kezkatuta eta bere alea jartzeko prest den ororentzat, eta hondarribiar guztiak deitu dituzte biharko bileran parte hartzera. Hitzordua 10:00etan Amute-Kostako Auzo Elkartearen egoitzan.