12:30ean abiatuko da martxa, Sargia parketik abiatuta, 'Konponbideari erasorik ez, Iratxe eta besteak askatu' leloarekin.
Atxiloketak izan ziren aterpetxearen sarrera
Bihar (larunbata) 12:30ean, Sargia parketik abiatuta, asteartean atxilotuak izan ziren Iratxe Sorzabal irundarra, Ramuntxo Sagarzazu oiartzuarra, David Pla eta Pantxoa Flores askatzeko aldarrikapena egingo dute, manifestazio batekin.
Konponbideari erasorik ez, Iratxe eta besteak askatu leloarekin egingo dute martxa, “gatazkaren konponbide demokratikoaren aldeko apustua berretsi, Espainiako eta Frantziako gobernuen jarrera errepresiboa salatu, eta atxilotuen askatasuna exijitzeko”. Besteak beste, Hondarribiko EH Bilduk bat egin du mobilizazioarekin, eta herritarrei bertara joateko eskatu diete.
Atxiloketek ez dute lortuko “ezkutatzea hemen jatorri politikoa duen arazo latza” dagoela, deitzaileen ustez. Aldi berean, Espainiako Gobernua “bakerako aukera guztiak zapuzten ari dela” esan dute, “lehenengo egunetik, modu guztiz arduragabean”.
Deitzaileen arabera, euskal gizarteak “bake prozesua sendotu eta bere etorkizunaren jabe” izan nahi du, eta zentzu horretan ezker abertzaleak “aldebakartasunetik” ekin zion bidea berresten duela iritzi diote deitzaileek.