Gorka Irisarrik eta Gorka Soutok erosketak egin eta 200 pintxo ekologiko prestatuko dituzte larunbatean, Show-a azokan ekimenean.
Larunbatean ikuskizuna izango da Hondarribiko San Pedro kaleko merkatuan, Show-a azokan, produktu ekologikoak bereziki, eta orohar, Hondarribiko baserritarren merkatua sustatzeko. Bi sukaldarik produktu ekologikoak erosi eta pintxoak prestatuko dituzte han bertan. Gaur aurkeztu dute ekimena, eta aldundiaren diru laguntza bati lotuta dagoen arren, gerora merkatua sustatzeko beste ekintza batzuk burutu nahi dituztela adierazi du Kalixa Silanes zinegotziak.
Ikustekoa izango da. Telebista saio batean bezala, Danontzat Gastroteko Gorka Irisarri eta Sardara tabernako Gorka Souto sukaldariak San Pedro kaleko merkatura hurbilduko dira, eta produktu ekologikoak saltzen dituzten Mattenea eta Xalbardin postuetan erosketa egingo dute. Handik metro gutxira, produktu horiek sukaldatzen hasiko dira, txapelketetan ohikoa den
show cooking erara, hau da, publikoari begira. Orotara, 200 pintxo inguru prestatuko dituzte, soilik azokako produktu ekologikoak erabiliz.
11:00etan hasiko da Show-a azokan, eta den-dena zuzenean ikusteko aukera izango da, publizitate tarterik gabe.
Azarora arte behintzat
Bi egunetan antolatzen dute azoka Hondarribian. Asteazken goizero Damarri plazan izaten dira baserritarrak, Zumardiaren parean. Eta larunbatetan, San Pedro kalean muntatzen dute azoka. Hasiera batean udan egiten zen larunbateko merkatua, baina udala eta ekoizleak pozik daude erantzunarekin, eta aurten azarora arte behintzat luzatuko da. Ekoizpena dagoen bitartean, azoka San Pedro kalean egiten jarraitzeko asmoa adierazi du Silanesek.
Aitor Criado eta Josune Zamora, Xalbardin eta Mattenea postuetako arduradunak