1638ko setioan irlandarrek izan zuten parte hartzea kontatu du Ken Byrne dublindarrak 'El txibilito de Nollaig' fikziozko eleberrian. Amodiozko istorioa da, asmatua, baina gertakari historikoak fideltasunez kontatzen ditu.
[Isabel Mancebo Balda]
Txibilito Hondarribian, txilibito Irunen, txiribito ere esaten dio baten batek letoizko txirulari. Modu batera edo bestera adierazi, musika tresna bera da, zeltiar folk musikaren bereizgarrietako bat den
tin whistle txirula, Hondarribiko eta Irungo alardeetan erabiltzen dutena. Baina, urrutiko jatorria izanik, zergatik erabiltzen da Alardean? Hondarribian bizi den Ken Byrne dublindarrak azaldu duenez, “Hondarribian eta Irunen irlandarrak zeudela frogatzen du txibilitoak”.
Abuztuan
El txibilito de Nollaig eleberria argitaratu zuen Byrnek. Duela 30 urte etorri zen Irlandatik eta ingeles hizkuntza irakasten du. Hondarribira iritsi eta urte gutxira, 1989an, Alardean lehen aldiz desfilatu zuenean deskubritu zuen irlandarrek 1638ko setioan parte hartu zutela: “Hondarribiko setioari buruzko tesina idatzi zuen emakume batek esan zidan, nahi izanez gero, konpainia propioa sortzeko eskubidea nuela, irlandarra nintzelako”. Horrela ohartu zen irlandarren parte hartzeaz, eta ikertzen hasi zen.
Liburu zaharretan aurkitu zuenarekin liluratuta, hori kontatzea erabaki zuen, baina publiko zabalari kontatu, ez artxiboetan aritzen direnei. “Hemengo jende gehienak ez du herriko historia ezagutzen, eta kontatu nahi nuen. Baina historia liburuak aspergarriak dira askorentzat”, eta eleberria idaztea erabaki zuen. Fikziozko kontakizuna da
El txibilito de Nollaig, baina era berean, historiarekin fidela.
Ia 500 irlandar
Abiapuntua 1990 urte inguruan du liburuak. John da protagonista, jaietan murgilduta dagoen Hondarribia bisitatzen ari den turista irlandarra. Egungo paradorean —garai bateko gaztelua— lotan ari dela, setioan parte hartu zuen Sean soldaduaren izpiritua agertu zaio, eta irlandarrek borroka hartan izan zuten parte hartzea zabaldu dezala eskatu dio. Byrnek urte asko eman zituen dokumentazioa biltzen, eta elaberria asmatutakoa den arren, liburuak dituen 470 orrialdeen bidez frantsesek hiria setiatu zutenekoa fideltasunez kontatzen saiatu da.
Ken Byrne, liburuarekin Arma Plazan
Frantses gudarosteak hiria inguratu zuenean, 150 irlandar zeuden Hondarribian, erregearen soldaduak, Flandesetik bueltan bertan geratu zirenak. “Eta hiria askatzeko borrokaldian beste 300 inguru”, erantsi du idazleak. Orotara, ia 500 irlandar izan zen 1568an Hondarribia askatzeko borrokan, eta horietako asko bertan hil egin ziren.
Horregatik, liburua krudela da zati batzuetan, “setioa oso gogorra izan zelako. Lehen aldiz frantsesek, kanioiez gain, morteroak erabili zituzten, lurra jotzerakoan eztanda egiten zutenak, eta hiribildua erabat suntsitu zuten. Herritarrak etsita zeuden, ez zuten ulertzen zeren zain zeuden haiek liberatzeko”. Hori kontatzen du liburuak, pertsonaia historiko batzuk bere tokian jarriz, eta asmatutako beste batzuekin korapiloa osatuz.
Liburuak zazpi urte kendu dizkio egileari, artxiboetara bisita asko, zenbatu ezinezko kontsultak, egunak eta egunak liburuen artean. “Batzuk gaztelania zaharrean idatzita zeuden, eta ez nituen ulertzen, nire bikotekideari galdetzen nion, eta hark ere ez zuen gaztelania hori ulertzen”. Askotan kontakizun kontrajarriak aurkitzen zituen, izen aldatuak, edo pertsonai historiko bat aldi berean bi leku desberdinetan zegoela. “Ez nuen nahi zerbait idatzi eta gero norbaitek esatea ‘oker zaude, hau ez zen horrela gertatu'”, nabarmendu du. Hala, zalantza bat zuen aldiro Kote Guevara liburuzainari kontsulta egiten zion, eta hark lagundu izan dio iturri fidagarrietatik edaten.
Dublinen idatzia
Kasualitatez bizi da Byrne Hondarribian. Irlanda utzi eta Australiara joan nahi zuen, “baina inmigrazio kuota topera zegoen eta Hondarribira etorri nintzen”. Aurretik ezagutzen zuen herria, lagun bat bisitatzera etorrita, “eta asko gustatu zitzaidan”. Ordutik bizi da bertan, baina liburua idatzi, Dublinen idatzi du. “2008an hemengo lana utzi nuen eta Irlandara joan nintzen, liburua idazteko. Ingelesez idatzi nuen, eta lagun batek gaztelaniara itzuli zuen”.
Duela bi urte bueltatu zen Irlandatik, “forma emateko, azala sortzeko, argitaletxea bilatzeko”. Azken hori da lan gehien eman diona, “oso zail dago dena”. Baina gustuko argitaletxea lortu zuen, eta abuztuaren erdialdean salgai jarri zuten eleberria, 15 euroan. Hasteko, berrehun ale baino ez zituzten argitara eman, horiek azkar saldu ziren, eta beste berrehun eskatu. “Ondo ari da saltzen eta orain hirugarren edizioa eskatu behar dut”, beste berrehun liburu. “Turismo bulegoan ere salgai dagoenez, hor beti salduko da, fikziozkoa izan arren, herriko historia kontatzen duelako”.
Byrneren bigarren liburua da, baina argitaratu duen lehena. “Bestea umorezkoa da, irlandar umorea. Umorea gustatzen zait, eta
El txibilito de Nollaig -en ere umorea badago». Denetarik du eleberriak, amodiozko istorioa, 1638ko setioaren kontakizuna, umorea… “Gainera amaieran istorioa irekia geratzen da, beste liburu baterako”, aurreratu du idazle dublindarrak.