Irunen eta Hondarribian ordezkaritza duten talde politiko guztiek Txinzerren tokia izan dezatela nahi dute Jose Antonio Santanok eta Txomin Sagarzazuk.
Atzoko batzarraren hasiera
Urtea bukatu baino lehen, Txingudiko Zerbitzuak erakundearen (Txinzer) estatutu aldaketa proposatuko dute Jose Antonio Santanok eta Txomin Sagarzazuk. Hurrenez hurren, eta atzo egindako ezohiko batzarraren arabera, Txinzerreko lehendakari izango da Irungo alkatea, eta lehendakariorde Hondarribikoa. Proposamen asmoak helburu bat du: egun bi udaletan ordezkaritza duten talde politiko guztiei toki egitea bertako administrazio kontseiluan.
Proposamena lantzeko konpromisoa hartu zuten bi alkateek atzo, esanaz, beharrezkoa dela talde guztien presentzia Txinzerren erakunde publiko den heinean, baina baldintza batekin: “Orain arte izan dugun udalerrien orekari eta gobernagarritasunari eutsi behar diogu”.
Atzoko batzarrean erabaki gehiago hartu zituzten. Administrazio kontseiluan izango diren kideak, Irundik, alkatearekin batera Miguel Angel Paez (PSE-EE), Xabier Iridoy (EAJ) eta David Soto (Si Se Puede Irun) izango dira; Hondarribiko ordezkariak Sagarzazu alkatea eta Jose Mari Altuna (EAJ) izango dira.
Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan Txinzerrek izango dituen ordezkariak ere izendatu zituzten: Cristina Laborda (Irun, PSE-EE), Xabier Iridoy (Irun, EAJ) eta Juan Mari Altuna (Hondarribia, EAJ).