Gasolindegiak kenduta, Behobiarako sarrerak hobetuko dituzte. Zaisa IIn gasolindegi berri bat eraikiko dute, soilik kamioientzat.
Iridoy, gaurko agerraldian
Behobian dauden gasolindegietako bi kendu, eta beste bat, kamioientzako bakarrik, zabalduko dute Zaisa II eremuan. Hori jakinarazi du gaur Xabier Iridoy Irungo Udaleko Hirigintza eta Etxebizitza ordezkariak. Modu horretara, jeltzaleak esan duenez, “Behobiako sarrera hobetzeko urrats sendoa” egingo dute.
Desagertuko diren gasolindegiak, zehazki, Juan Thalamas kaleko 18. zenbakian eta Maria Junkal Labandibar kaleko 8. zenbakian daudenak dira. Horien jabeek, bestalde, Zaisa IIko eremu bat erosi egin zuten berria jartzeko, eta hori egiteko hirigintza tramiteak plan berezi bidez abian jarri ondoren –berez garraiorako zen eremu hori, baina aldaketaren bidez gasolindegia jar daiteke—, plana aurrera atera da, jendaurrean egon den bitartean ez delako alegaziorik aurkeztu. Gainera, URA agentziaren eta Abiazio Zibilaren oniritzia ere badu plan bereziak. Txosten horiek jasotzen direnean, udalbatzak eman beharko dio behin betiko onarpena hirigintza lan horiei.
Iridoyk adierazi du, batez ere Behobiako sarrerari onurak ekarriko dizkiotela aldaketa horiek, eta gasolindegi berria eraikiko den eremuan ere abantailak izango dituztela oinezkoek.