Zure azken altxorra, Amama, estreinatuko duzu Donostiako Zinemaldian. Ze sentsazio dituzu?
Lana eginda dagoelaren sentsazioa. Lan handia egin dugu film hau aurrera ateratzeko, Txintxuatik Marian [Fernandez] eta biok urteak daramatzagu film hau jasotzen, lehenengo gidoia idatzi, gero finantzazioa… oso prozesu luzea izan da. Orain uzta jasotzeko garaia etorri da.
Filma Kursaal handian botatuko dugu Sail Ofizialean, eta alde horretatik pozik, sentsazio onak. Benetan ilusionatuta, gustura eta ziklo hau ixteko gogoarekin nago. Ematen du prozesua filma egitea dela, baina estreinaldia ere prozesuaren parte da, urriaren 16an estreinatuko dugu. Azkeneko itxiera emateko gogoarekin gaude. Gero, aurrerago, festibalak etorriko dira, dagoeneko hasi dira Europako batzuetatik eskatzen.
Bi egunetako sarrerak dagoeneko agortuak daude. Euskaraz egindako filmeek beti dute nolabaiteko gantxoa?
Aupa Etxebeste! izan zen egin genuen azken fikziozko filma, eta orduan ere espektatiba handia zegoen. Antzerako zerbait gertatu zen, Zinemaldian sarrerak segituan agortu ziren eta jendea ere zinemara joan zen gero; batez ere hasieran izan zen grina hori. Espektatiba eta gogoa dagoela sumatzen da orain ere, horrek alde batetik komunikatzen gabiltzala esan nahi du, eta zentzu horretan pozten naiz. Aurretik espektatibak egotea oso ona eta ederra da, gainera, ikusi dugu, egin ditugun paseengatik, espektatiba horiek betetzen dituen filma dela, harrapatzen zaituela. Festibalerako film bat da, ezaugarri horiek baditu, baina publikoari iritsiko zaio ere, argi daukat. Beti egongo da norbait gustatuko ez zaiona, baina orokorrean nik uste jendeari iritsiko zaiola.
Sail Ofizialean egoteak zer ekartzen dio zuzendari bati?
Guk filmak egiten ditugu gustatzen zaigulako, eta azkenean bizitzako parte da. Filmak egiten noan heinean ez dut pentsatzen horretan, azkenean film txukunena egin nahi duzu eta batez ere ongi kontatu nahi duzu istorio bat, niri barrutik ateratzen zaidan istorio bat kontatzen saiatzen naiz beti. Alde horretatik lehenengo da zuretzako duen satisfakzioa. Film honek, hasi nintzenetik hona, aldatu egin nau, eta hori ere niretzat oso garrantzitsua da. Bestetik, Sail Ofizialean egotea gauza handia da, ilusioa ematen du. Lehiatzea gustatzen zait niri, beti dago misterio puntu hori ea zer gertatuko den… baina ez da lehiagatik, tokiagatik baizik.
Zuzendari bezala zure izena entzuten hasten da, gainera. Gustatuko litzaidake hemendik aurrera filmak jasotzeko erraztasunak edukitzea, izena ezaguna bada agian errazago izango da filmak aurrera ateratzea.
Kritikak beldurtzen zaitu?
Ez, ni zabalik nago edozein kritikari. Kritika negatibo bat irakurtzen duzunean beti pena ematen dizu pertsona horri gustatu ez izana, baina horren beldurrik ez daukat. Gertatuko dena gertatuko da, eta ez dut inolako arazorik.
Film honek aldatu egin zaituela esan duzu, zein zentzutan?
Baserriari buruzko pelikula bat egiteko gogoa nuen aspalditik, ni baserri baten parte izan naizelako 20 urte izan arte. Baserria orokorrean gai bezala hartu eta omenaldi txiki bat egiteko gogoa nuen. Alde horretatik aspalditik pentsatzen egon naizen gauza bat izan da, eta azkenean egin dut. Ziklo bat itxi dut, eta gustura gelditu naiz egin diodan omenaldi xume honekin.
Prozesuaren aldetik ere hazten joaten zara. Film labur bat egiterakoan ere beti pertsona bezala heldu egiten zara, eta hori garrantzitsua da niretzat.
Zer topatuko du ikus-entzuleak pelikulan?
Pelikula, familia gatazka batekin planteatzen da. Aita eta alaba baten arteko ezin ulertua, tira-bira bortitza, eta film guztian zehar zubiak-edo sortzen joango dira, eta gatazka hori modu batera edo bestera soluzionatzen joango da. Oso modu poetikoan eta sentsiblean kontatua dago istorioa, harrapatzen duen gatazka da. Musika ederra dago, aurpegi ezezagunak daude, baina oso erakargarriak.
Zein garrantzia du zuen ekoiztetxe Txintxua Films-entzat Amamak?
Gure produktora oso txikia da. Gure zinea egiteko sortu genuen, ez ginen sortu handinahikeriarekin; guk gure produktuak kontrolatzea, hori da gure marka. Filmak gure erara, gure erritmoa egiten ditugu, azken batean goxatuz bezala, mimatuz. Ekoiztetxe batentzat filma saltzeko baliagarria da horrelako zinemaldi bat.
Zinemalditik eta kritiketatik ondo ateratzen bada kanpoan saltzeko aukerak egon daitezke. Estreinaldirako ere zarata pixka bat ateratzen da.
Amama-rekin espero dut ereindako uzta jasotzea, eta dirua eskuratzea gustatuko litzaidake hurrengo proiektuetan lan egiteko.
Amama Euskal Herrian ez dela geratuko aipatu duzu, nazioartean zerbait mugitzen ari dela.
Bai, pare bat festibal garrantzitsuetan hartu dute, ezin dut esan non, oraindik publiko ezin delako egin, eta lehiatzera joango da. Festibal askotara bidaltzen ari gara eta espero dut ere Donostiako Zinemaldiak horretan laguntzea.
«Barrutik ateratzen zaidan istorio bat kontatzen saiatzen naiz beti»
«Film honek aldatu egin nau, eta hori niretzat oso garrantzitsua da»
Gure eskualdera itzulita, amama sanpedrotarra da, ezta?
Bai, hala da. Bost urte zituenetik Frantzian bizi da, bere aita errepublikarra zen eta gerra garaian alde egin behar izan zuen, baina beti eduki du harremana San Pedrorekin. Nik Pasaiako Begi Haundi tabernan topatu nuen. Amama elegante, dotore, guapa eta ximurtu bat aurkitu nahian nenbilen eta hantxe topatu nuen. Pixka bat ausarta izan nintzen eta zoramen honetan sartzera liatu nuen .
Oso gauza polita izan da berarekin lan egitea eta gogoa dut etortzeko. Badakit festibalean berarekin pila bat disfrutatuko dugula, bera pertsona oso berezia da eta. Zinemaldian atentzioa deituko duela uste dut, ez aktore ez izanik jokoz kanpo dagoelako, baizik eta bizitza guztiak pelikulak egiten ibili dela emango duelako, diva bat. Festibalaren nondik norakoak nola diren kontatu dizkiogu, baina berak ez du arazorik, grabaziora nola egokitu zen ikusita ongi moldatuko da.
Prozesu luze hau pasata, zerekin ibiliko zara aurrerantzean?
Proiektu dezente ditut esku artean, eta ez dakit zeri helduko diodan. Produktora bezala Telmo Esnalen Dantza dugu, arazo dezente eduki ditugu finantzazioa lortzeko, baina udazken honetan konponduko dela uste dut. Koldo Almandozen film bat ere bukatzen ari gara, eta gero Esnalekin ere Kalebegiak proiekturako film labur bat zuzentzen nabil. Pelikula batzuk idatzita ditut ere eta ez dakit zeri helduko diodan, baina tira, beti edukitzen ditut zirriborro batzuk eginak gero horiei heltzeko.
Biniloari eta rock and rollari gorazarre
Vinyland Marcos Garcia zuzendari irundar gaztearen lehen film luzea da. Mikel Insaustik idatzi du gidoia eta zuzendari laguntzailea izan da. Biek, eta 1960eko hamarkadari estu lotutako biniloaren jarraitzale sutsu diren Jose Luis Olabeaga, Iñigo Arzalluz eta Iñigo Alfaro hirukoteak egindako aktore lanari esker Zinemaldian estreinaldia izango du gaur
Vinyland filmak,
Beste hainbat jarduera sailaren barruan.
Biniloen bildumagile baten gaineko dokufikzio musikala da
Vinyland. Eta filmaren bidez, diskoak saltzen eta horiek erosten jarraitzen duten denda eta erosle fidelei omenaldia egin nahi dietela esan du Garciak: «Disko dendara joan, biniloa erosi eta etxera iristerakoan poltsatik aterata diskoa orratz azpian jartzen duen horri omenaldia da». Bloody Mary Irungo disko dendak 25 urte bete ditu, eta horren harira sortu zen filma, bera izanda ekoizlea, Juancar Garciaren eskutik. Bloody Mary dendaren arduraduna, zuzendari gaztearen aita da, gainera.
Musika protagonista
Erronka izan dute ia elkarrizketarik ez duen filma egitea, «irrati elkarrizketa modukoak ematen dio sarrera. Eszena bakoitza abesti baten doinupean muntatu dugu, eta horretarako abesti egokia aurkitu behar izan dugu. Elkarrizketa gutxi dago, eta musika da nagusi». Erronkari egoki erantzun diotelakoan dago zuzendari gaztea, «oso gustura gaude azken emaitzarekin».
Guztira 30 talderen beste hainbeste abesti bildu dituzte filmean Garciak eta Insaustik. Hori bihurtu da gainera prozesu guztiaren alderik konplexuena, «abestiak erabiltzeko eskubideak lortzea oso zaila izan da. Kostata egin zuen Juancarrek [Garcia]… Baina lortu zuen».
Besteak beste, The Lookers ziburutarren, Lie Detectors eta Microcosmos donostiarren eta Los Ex Novios eta Balerdi Balerdi iruñearren doinuekin osatu dute filma.
Donostiako Zinemaldiraino iristea
Vinyland filmarekin ametsetan baino ez duela irudikatu aitortu du Garciak: «Pentsatu izan dut ongi legokeela Zinemaldiak egiten ari ginelaren berri izatea, baina ametsa zen». Ametsa errealitate bilakatu zaie, ordea, eta gainera, Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria bera jarri zen harremanetan filmaren arduradunekin, «izugarrizko poza suposatu digu. Kopia bat ikusi nahi zuten eta gustatu egin zitzaien. Lau ikustaldi izango ditu Vinyland-ek, eta guretzako izugarria da Zinemaldiak leihotxoa zabaltzea».
Etorkizunari begira ere, lehen filmarekin Zinemaldian izateak ate asko zabalduko dizkiola uste du zuzendari gazteak, «proiektu berrietan eragina izango duen zalantzarik ez dut. Niretzat izugarria da, oso garrantzitsua, are gehiago kontuan hartuta Vinyland-en ukitu dugun gaia oso hurbilekoa dudala, eta hunkitzen nauela».
Binilo bilduma, helburu
Vinyland-ek ukitzen duena ez da ohiko gaia, ezta komertziala ere, «ez zaigu axola komertziala den edo ez, gure munduan eta gure artean oso presente dagoen gaia da», esan du Garciak. Argi du filma ez dela bakarrik biniloaren jarraitzaileei begirakoa, «jakin-mina eta musika zein zinema gustuko dituen edonor gustura senti daiteke ikusten».
Olabeaga da protagonista. Disko bilduma du, eta Irungo Bloody Mary dendako bezero leiala ere bada. Kontzertuak gustuko ditu, baita musika eta bigarren eskuko dendak ere. Horrelakoa da bere egunerokoan Olabeaga, eta berarekin izandako elkarrizketetatik sortu zuen gidoia Mikel Insaustik. Hasieran dokumentala egitea zen asmoa, Garciak azaldu duenez, «baina fikzioa ere sartu zuen gidoian Insaustik, eta
Vinyland sortu zen».
Filman, binilo bilduma baliotsua du Olabeagak. Ongi gordeta du, eta gordeleku hori mito bilakatzen da taberna lagunarentzat. Azken horrek ez du etsiko bilduma aurkitu arte. Sherlock du izena lanean binilo bildumaren atzetik zoro ibiliko denak. Iñigo Arzalluz errenteriarra dago pertsonajearen atzean.
Donostia, Iruñea, Lekunberri, Ziburun, eta Irungo Cipriano Larrañaga kaleko bederatzigarren zenbakian dagoen Bloody Mary dendan grabatu dute filma.
Ateak zabaldu
Filmaren amaiera ez omen da itxia, zabalik gelditzen dela esan du irundarrak. Bigarren zati baterako aitzakia ote den galdetuta berehala erantzun du Garciak ezetz.
Hogei urte baino ez ditu Garciak, eta zinema ikasketak egiten ari da Parisen.
Vinyland da zuzendu duen lehen film luzea, eta Donostiako Zinemaldiraino eraman du: «Oraindik ezin dut sinistu, oso azkarra izan da dena… Principe zinemetako aretoan gaudenean, filma ikusten, asimilatuko dut gertatzen ari dena. Izan ere, apur bat surrealista izan da dena. Zinemaldiaren zigilua dugu jada, eta horrek beste zinema jaialdietarako ateak zabalduko dizkigu zalantzarik gabe».
Viniland-en emanaldiak
- Gaur, ostirala. Principe zineman, 20:15ean. Ondoren, kontzertua Tabakaleran Lia Detectors eta Los Flaminguays taldeekin, eta Radio 3-eko Juan De Pablos esatariarekin.
- Bihar, larunbata. Principe zineman, 20:15ean. Ondoren, kontzertua Dabadaban, The Lookers eta Pelo de Mono taldeekin. Juan de Pablos DJ lanetan ariko da.
- Etzi, igandea. Antiguan, 20:30ean.
- Asteartea, hilak 22. Antiguan, 20:30ean.
Mugaritzek zabalduko du ‘Culinary Zinema’
Zeharbidean. Ekinaren sena, Mugaritz dokumentalak zabalduko du bihar Culinary Zinema saila. Andoni Luis Aduriz sukaldari errenteriarraren bizitza kontatzen du bertan La Fura dels Baus antzerki konpainiako Pep Gatellek. Gatellek zuzendu du dokumentala.
Mugaritz astintzen duten motorrak bildu ditu zuzendariak dokumental filosofiko eta etologikoan.
Zinema eta gastronomia fusionatzen ditu Culinary Zinema-k, eta aurtengoa 5. aldia du.