Hilaren 25etik 27ra egingo dute rock musikaren jaialdia Irunen. Kontzertu nagusia hilaren 26an (larunbata da), Ficoban. Irunrock jaialdiak seigarren ekitaldia beteko du.
Atzoko aurkezpenaren irudia
Hilaren 25, 26 eta 27an da Irunrock. Seigarrenez egingo dute hiriko rock musikaren jaialdia.
Jaialdiaren kontzertu nagusiena 26an egingo dute Ficoban (
sarrerak salgai daude), baina kalean musika ez da faltako egun horretan, nahiz 25 (ostirala) eta 27an (igandean).
Atzo aurkeztu zuten udalak eta antolatzaileek jaialdia. Juncal Eizagirre udaleko Kultura ordezkariak esan zuen “forma onean” dagoela Irunrock, eta udako musika jaialdiak ez direla bukatzen Irunrock iritsi arte, “beste jaialdi urbanoen adinako egitaraua du honek”. Irun, musika jaialdien mapan jarriko duen ekitaldia izango da aurtengoa. Eizagirrerekin batera aurkezpenean izan ziren Iñaki Estevez (Irunrock-en zuzendaria), Joseba Lopetegi (Pintxorock iniziatibaren ordezkari gisa), eta Iban Mato (Get In).
Jaialdiaren egun nagusiena 26a bada ere, 25ean eta 27an badira kontzertuak, San Juan plazan bereziki, bertako taldeekin. Baina ez hori bakarrik. Jaialdia hiri osora zabaldu nahi dute, eta horren erakusle izango da Pintxorock izeneko iniziatiba: jaialdia bitartean, 1,50 euroan pintxo berezia jan ahal izango da hirian.
Honakoa da jaialdiaren egitarau zehatza:
Hilak 25, ostirala
- 20:00etan, San Juan plazan: Havoc, Correos eta Rural Zombies taldeen kontzertua. Pintxorock iniziatiba abiatuko da aurretik.
Hilak 26, larunbata
- 13:00etan hasita, San Juan plazan, Smoke Idols eta Los Bracco taldeen kontzertua.
- 20:00etan (19:00etatik ateak zabalik), Ficobako kontzertua Siniestro Total, Nacho Vegas, El Columpio Asesino, Guadalupe Plata, La MODA eta Bullet Proof Lovers taldeekin..
Hilak 27, igandea
- 13:00etan, San Juan plazan eta inguruan, Calle Beat taldearen saioa.