Ez izan zonbia, mugi zaitez! programa antolatu du Irungo Udalak hilaren 16tik 22ra Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearekin bat egiteko.
Mugikortasun iraunkorraren Europako Astearekin bat egin du Irungo Udalak
Ez izan zonbia, mugi zaitez! programa antolatu du Irungo Udalak hilaren 16tik 22ra Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearekin bat egiteko. Ekintza sorta antolatu du horretarako, “eta horien bidez mugikortasun iraunkorraren aldeko apostua egitea garrantzitsua dela esan nahi diegu irundarrei ekintza jolasgarrien bidez”, azaldu du Cristina Laborda Mugikortasun ordezkariak.
Horrenbestez, musikak, jokuek eta kirolak tarte berezia izango dute Irungo kaleetan hilaren 16tik aurrera, eta pertsonaje bereziak izango dira gonbidatu bereziak girotzeko. Izan ere, zonbiz mozorrotutako familia osoa Irunen barrena ibiliko da oinezkoekin eta motordun ibilgailuetako gidariekin harremanetan, eta baita hiri barruko autobusetan. Azken horietan, magia ikuskizun laburrak eta bakarrizketak egingo dituzte bidaiariei garraiobide publikoaren aldeko hautua egin dezaten gomendatzeko.
Ttipi-Ttapa, ostegunean
Taldean oinezko ibilbideak egiteko aukera eskaintzen die adinekoei Ttipi-Ttapa programak urtean zehar. Azken horrek ere bat egin du mugikortasun iraunkorraren aldeko astearekin eta hilaren 17an, ostegunarekin, Luis Mariano egoitzatik 10:00etan abiatuta ordu eta erdiko ibilbidea egingo dute parte hartzen dutenek. Larunbatean, hilaren 19an berriz, haurrei begira jarriko dira eta Zabaltza plazan txikienei begirako ekintzak eta musika izango dira nagusi 17:00etatik 19:00etara. Gaueko lasterketa ere izango da 20:30ean hasita.
Bizikleta lasterketa
Zonbietatik ihesi aterako den bizikleta martxa antolatu dute, bestalde, hilaren 20rako. 10:30ean abiatuko da martxa Zabaltzatik, eta hirian barrena ibiliko da 12:00ak arte. Ordu horretan Zabaltzan flasmoba egingo dute Pauso-K Dance Studio, Toxic, Tatiana eta My Dance dantza akademien eskutik.
Girabira ere egingo dute astearen barruan Bidasoako Txikiak eta Ezmugak, eta grafitia ardatz hartuta hainbat ekintza, musika emanaldi eta tailerrak antolatu dituzte 13:30ean hasita Sargia parkean. Hilaren 22an berriz, Eskola bidea ekimena egingo dute, haurren artean mugikortasun iraunkorra eta autonomia sustatzeko.