Hilaren 9an joko dute Bentan, Gatillazoren aurretik. Iaz sortu zen Marmoka, eta maiatzean edizio mugatuko CDa grabatu zuten. Talde berria da, baina eskarmentu handiko musikariz osatua.Koldo Emery (gitarra eta ahots nagusia), Ibai Larralde (gitarra eta ...
Marmoka taldea, Psilocybeneako lokalean entseatzen
Marmoka by Marmoka
Koldo Emery (gitarra eta ahots nagusia), Ibai Larralde (gitarra eta ahotsak), Telmo Iridoy (baxua eta ahotsak) eta Gorka Emazabel (bateria) dira Marmoka, Psilocybe elkartetik jaio den azken banda. Rocka egiten dute, baina oraindik haien soinua erabat definitu gabe dutela onartu dute.
Bat-batean azaltzen dira marmokak itsasoan. Zuek ere hala agertu zarete, abisatu gabe.
Koldo Emery: Aurten ez dira marmokak itsasoan azaldu, eta orain azalduko dira, hilaren 9an Bentan, korronteak ekarriko ditu. Beti bezala, korronteak ekartzen ditu marmokak.
Korronte hori, noiz sortu zen?
Emery: Izen horrekin, lehengo urtean hasi zen, uda pasa eta gero. Saiakerak egon dira aurretik, baina serio iaztik ari gara.
Gorka Emazabel: Helburua jarri genuenetik ari gara serio, grabatzea erabaki genuenetik hasi ginen fundamentu apur batekin.
Emery: Horrek baldintzatzen zaitu hona gehiago etortzera [entsegu aretora].
Geratzeko asmorik al du Marmoka honek?
Telmo Iridoy: Korrontearen arabera [besteek barre egiten dute]. Ez dugu horri buruz hitz egin, baina momentuz bai, jarraitzeko asmoa dugu.
Bost abestiko CDa grabatu duzue, lau propio eta Beti Mugan taldearen moldaketa batekin [Emery taldeko horretako kide zen].
Iridoy: Abesti gutxi genituen baina ja grabatu nahi genuen. Horregatik dira bost kantu. Gaur egun CDa pixka bat anekdotikoa da, Interneten entzuten da musika eta CDa ez da beharrezkoa. 50 bakarrik atera ditugu, taldea ezagutarazteko.
Horrek esan nahi du gerora ez dela diskorik izango?
Emazabel: Kanta solteren bat grabatzen badugu ez dugu publikatuko CD bezala, baina beste multzo bat ateratzen badugu, beste bost edo, nork daki.
Ibai Larralde: Ikusiko dugu, horretaz ere ez dugu hitz egin oraingoz.
Emazabel: Ez dugu hitz egiten, buru-belarri ari gara bederatzia [kontzertuaren eguna] buruan dugula.
Rock and roll, southern rocka, azkarragoa… CDan beste estiloei keinuren bat bada, baina bereziki rock taldea da, ez?
Larralde: Nahasketa, rocka edozerekin nahastera irekita gaude.
Iridoy: Gure soinua bilatzen ari gara, oraindik aldatuko da.
Musika denen artean egiten al duzue?
Emery: Ideiak eta gitarrak Ibairenak dira batez ere.
Eta hitzak euskaraz, hondarribiarrez. Hori bilatua al da?
Emazabel: Naturala da, guk erabiltzen dugu euskara hori.
Emery: Nik ez dakit hauekin erdaraz hitz egiten, talde euskalduna gara, hondarribiarrak, beno, Ibai da Bidasoaldekoa [barre egin dute] —irundarra da Larralde—. Euskaraz hitz egiten dugu, eta euskaraz abestu.
Zer zareten jakin nahi duenak aukera du Sukarra bihotzian entzunda, ez? Zuek definitzeko abesti egokia da.
Larralde: Bai, kanta sinplea da, baina egiten duguna esaten du.
Abesti hori, Popstar, Denbora geldian… Kontzertuan funtziona dezaketen abestiak dira.
Iridoy: Bai, motzak eta oso zuzenak dira. Gero igual aldatuko ditugu zuzenekoari begira, baina horrelakoak dira.
Gehiago behar dituzue zuzenekoa osatzeko.
Larralde: Hori da oraingo lana, egiten ari garena.
Emazabel: Ordubeteko kontzertua eskatzen ziguten, eta guk bederatzi kanta genituen, bost diskokoak eta beste lau berriak, eta bete behar zen denbora hori beste bertsio batzuekin betetzea erabaki dugu.
Emery: Eta euskal kantuen bertsioak egitea erabaki genuen, edo kanpokoak euskaraz.
Bederatziari begira, urduri?
Emazabel: Urduri baino gehiago, gogoarekin.
Iridoy: Orain ez, beharbada gero, kontzertua hastear denean.
Emery: Badakigu zer gertatzen den jo behar duzunean jende askoren aurrean… ‘Ja ez da entsaio bat’, ‘ahaztuko zait letra’, ‘zati honetan ez naiz seguru’… Deneki pentsatzen dute hori. Edo ez? Baina nahiko serio demonio ari gara entseatzen, lasai gaude.
Lehen kontzertua izango da herrikoa. Nolakoa izango da?
Iridoy: Ikusgarria [barreak]. Bederatzia izanda, publikoa nahiko hotz egongo da —Alarde egunaren biharamuna da—. Gu saiatuko gara ahalik eta gehiena ematen eta ondo pasatzen.
Emazabel: Gure bigarren saioa da, eta lehenengoan —Irunen, Gazte Egunean— bost kantu jo genituen eta motz iruditu zitzaigun, gogoekin gelditu ginen.
Emery: Orain ordubete entseatzen ari gara eta luzea iruditzen zaigu. Errepertorio propioa osatzen ari gara.
Bisitatu Marmokaren webgunea