Amenabarren kontra jokatuko dute irundarrek, Gipuzkoako derbian, Zarautzen. Igoera dute helburu Bidasokoek.
Bidasoa-Irunek jokalariak, denboraldi aurreko partida batean. Argazkia: CD Bidasoa
Bihar hasiko da Zilarrezko Maila eskubaloian, eta lehenengo arerioa Amenabar taldea izango du Bidasoa-Irunek. Partida 19:30ean hasiko da, Zarautzen.
Zazpi aurpegi berri izango ditu denboraldi honetarako talde irundarrak: Beltza, Bezbradica, Mouriño, Davidovic, Julian Portero, Didac Villar eta Kauldi Odriozola.
Aldaketa horiekin iaz lortu ez zuen helburua erdietsi nahiko du Bidasoa-Irunek: Asobal Ligara igotzea. Iaz play offetarako sailkatu ziren, baina ez zuten igotzea lortu.
Denboraldi aurrean sentsazioak gazi-gozoak izan ditu taldeak, hiru partidatik bat irabazi baitu. Hala ere, hirugarren geratu da Egiako txapelketan, final aurrekoan, Ademarren kontra galduta. Lana gogotik egin beharko du helburua lortzeko.