'Ama Guadalupekoa' ontzia faborito da, ez bakarrik Kontxan egoteko, bandera irabazteko ere.
Berdeak, iazko Kontxan
Faborito da
Ama Guadalupekoa ontzia 2015eko Kontxako Bandera irabazteko, taldearen historian hamabigarrena izango litzatekeena. Arraun zaleen nahiz apustu zaleen zerrendan lehena da kasurik gehienetan. Baina Kontxan egoteko, lehen koska pasatu behar lehenengo, etziko sailkapen estropada.
18:00etan hasiko da gizonen zazpi traineruak erabakitzeko erlojuaren kontrako estropada. Zazpi onenen artean egotea da lehentasuna. Batetik zazpira zein toki izan, ordea, batzuentzako garrantzitsua da, besteentzako ez da hainbesterako. Zortzi, edo zortzi baino handiagoa diren zifrak deabruarenak izango dira etzi. Multzo batean edo bestean egon, lehen balorazioak egiteko txanda iritsiko da.
Hondarribia faborito izango dela esatea ez da gehiegikeria. Sasoi osoan berdeek egin dutena da hori esateko bermea, San Miguel Ligan esaterako ondoan izan dituzten kontrarioak ia beti txiki utzi utzi dituztelako; pena igandean Petronor Bandera ere irabazi ez izana, Urdaibairi itxaropenerako zirrikitu bat zabaldu baitio horrek. Horretan geldi dadila dena. Baina hori ez da izango presioa Mikel Orbañanosen taldearentzat, horri aurre egiten ikasi dutelako azken urteetan, faborito izaten ikasi dutelako, baita horren araberako emaitzak lortzen ere, gehienetan, aldekoak.
Aurrean beste 23 traineru izango dituzte etzi hondarribiarrek. Bakoitzak bere helburua du, Hondarribiak garbia: sailkatu, ondoren irabazteko.
Jarraian, etzi, gizonezkoen sailkapen estropadaren hainbat xehetasun:
- Hasiera ordua: 18:00.
- Modalitatea: erlojuaren kontrako estropada, ziaboga bakarrera (Kontxako ohiko estropada eremua).
- Partaideak: 24, bi multzotan banatuta. A multzoan: Astillero, Urdaibai, Cabo, Getaria, Kaiku, Hondarribia, Orio, Portugalete, San Juan, San Pedro, Tiran, Zierbena. B multzoan: Amegrove, Castropol, Ares, Mugardos, Deusto, Hibaika, Lekeitio, Oiartzun, Ondarroa, Pedreña, Zarautz eta Zumaia.
- Txandak: bi multzo horien artean zozketa egingo da, zein multzo lehian hasi erabakitzeko. Multzo bakoitzeko traineruak minuturo aterako dira. Multzo eta multzo artean atsedenaldi laburra egongo da.
- Sailkatuak: 24tik, zazpi.