Diazek onartu du Madrilen ere ez direla garai onak antzerkirako, baina gustura daude obrak orain arte izan duen harrerarekin.
Igandean Callar por no haber hablado taularatuko duzue Itsas Etxean, zure etxean. Urduri zaude?
Urduri nago, baina ez dut nahi gehiegi pentsatu, bestela egongo nintzen urduri aste guztian. Baina azkenean jende guztiak galdetzen dizu ‘zer, urduri zaude?’, eta urduri jartzen naute. Baina gogo askorekin.
Zu Hondarribian zaude, eta taldeko besteak Madrilen. Ezin entseatu elkarrekin.
Ja egina dago. Estreinatu genuen urtarrilean, eta lau hilabetez egon gara obra egiten Madrilen. Ondo dakigu. Gainontzeko lagunak ez dira etorriko aurreko egunera arte [larunbata], proba azkar bat egingo dugu, eta listo. Oso ondo prestatuta dugu dena, eta oso ondo aterako da seguru.
Noiztik zabiltza antzerkiaren munduan?
Arte dramatikoa ikasi nuen Madrilen, orain bederatzi urte joan nintzela eta lau urte egon nintzen ikasten. Gero jarraitu dut ikastaroak egiten eta horrela, baina ikasketak lau urtekoak izan ziren. Lehen urtea akademia batean eta beste hiru urtean beste eskola batean.
Eta han geratu zinen, Madrilen.
Bai, udaran normalean Hondarribira etortzen naiz, baina bestela Madrilen nago urte osoan.
Hondarribira Artificio konpainiarekin zatoz. Nolako konpainia da?
Lehengo urtean hasi ginen. Zuzendaria nire interpretazio irakaslea izan zen. Behin ikasle batzuk elkartu gintuen, urte berekoak ez ginenak, batzuek ez genuen elkar ezagutzen. Komentatu zigun konpainia bat egin nahi zuela, ea ados ginen, baietz esan genion eta aurrera jarraitu genuen.
Eta Callar por no haber hablado, lehenengo obra da konpainiarentzat?
Bai. Orain ari gara beste batzuk begiratzen, baina hau da lehenengoa.
Eta zer moduz joan zaizue?
Oso ondo. Jende guztiari asko gustatu zaio eta oso pozik gaude.
Nolako obra da?
Komedia da, komedia ‘de enredo’. Badauka puntu musikal bat une batean… oso ondo dago. Jendeari gustatuko zaio, seguru.
Eta zure pertsonaia?
Elena izena du, gauzak oso argi dituen neska da. Mutil bat gustatzen zaio, eta nahi duena lortzen du beti. Asko gustatzen zait nire pertsonaia.
Hau komedia da, baina zuk pertsonai tragikoak ere landu izan dituzu.
Bai, batez ere tragedia egin dut. Komedia asko gustatzen zait, baina egia esan erosoago nabaritzen naiz drama egiten, beti egiten dudalako. Ez dakit aurpegi dramatikoa ez ote dudan, beti hartzen nautelako horrelako gauzak egiteko. Eta komedia gutxitan ukitu dut, baina egia esanda gozamena da, kontent ateratzen zarelako. Draman, aldiz, [arnasa hartu du], nekatuago bukatzen duzu, komediarekin hobeto bukatzen duzu.
Honen ondoren egiteko begiratzen ari zareten obra horiek nolakoak dira, komediak ere?
Oraindik ez dakigu, begiratzen ari gara, baina drama bat edo haurrentzako obra bat egingo dugu. Ez dugu erabaki, baina seguru aski haurrentzakoa.
Madrilen bakarrik egiteko, edo aukera izango da herrira ekartzeko?
[Barre egiten du] Neregatik Hondarribian egingo nuke berriro. Hasieran Madrilen egiteko, baina saiatuko gara mugitzen. Oraingo obra, Hondarribiaz gain, Cuencan egin dugu, Extremaduran ari gara begiratzen… Printzipioz Madrilen, baina gero saiatuko gara mugitzen ahal duguna.
Euskal Herriko antzerki munduak dio gauzak oso gaizki daudela. Nola daude han?
Bai, oso gaizki dago, oso-oso zaila dago lan egiteko. Egin, posible duzu egin, baina bizitzeko ez, ezinezkoa da. Mundu guztia beste gauza batzuetan dabil lanean, antzerkiarekin ezin delako.
Bidali mezu bat herrikideei. Zergatik joan behar dute igandean zure obra ikustera?
Asko gustatuko zaielako. Hona obra batzuk ekarri dituzte, baina asko ez. Antzerki kultura zabaltzeko eskatuko nieke etortzeko, antzerkia ikusteko. Hitz egin dudan gehienek esan didate ‘ez naiz behin ere teatrora joan’. Jendea animatuko nuke pixka bat gehiago joatera.