Bale harrapaketa jasotzen duen Europako lehena, elementu natural, artifizial eta eklesiastikoak uztartzen dituen bakarra, eta euskarazko orla duen bakarretakoa da Hondarribiko armarria.
Constantino Virtok Mariñel ontzian margotutako armarria
Duela hiru urtetik
Mariñel arrantza ontzia berritzen ari dira Hondarribiko kai zaharrean. Joan den astean barkua eraikitzeko erabilitako bost egur motak begi bistan utzi zituzten, eta Constantino Virtok margotutako armarria ere deskubritu zuten. Ekitaldian Koldo Ortega ikerlariak nabarmendu zuen “elementu naturalak, artifizialak eta elizakoak uztartzen dituen armarri bakarra” dela Hondarribikoa, baina hori ez da Gipuzkoako kostaldeko herri ekialdetarrenak duen berezitasun bakarra.
Armarri ofiziala
Egungo armarria 1987. urtean onartu zuen udalbatzak; euskara herriko hizkuntza ofiziala izateko hartutako neurrietako bat izan zen. Zigiluaren diseinu berria eskatu zuten, eta honako mezua irakurri daiteke orlan:
Hondarribiko Hiri Oso Prestu, Oso Leial, Oso Adoretsu eta Beti Oso Zintzoa. Euskarazko testua duen zigilu bakarretakoa da.
Berriena izateaz gain, zentzu batean, lehenengoa ere bada, lehen aldia izan baitzen armarria ofizialki onartzen zutela. Valentin de Cespedes y Arechaga genealogista madrildarrak
El escudo de Hondarribia, evolución de las armas de Fuenterrabía a través de los sellos liburuan nabarmentzen duenez, “Kontzejuari hiri-gutuna eman zitzaionetik 785 urte geroago, hiriko udalak Hondarribiko armarria onartu zuen, ofizial bihurtuz 800 urtez ohituraren eta usadioaren fruitu izan diren arma batzuk”.
Zaharrena, parrokian
1567. urteko armarria
Ezagutzen den ikur zaharrena Frantziako Artxibategi Nazionalean gordeta dagoen zigilua da, 1297 urtekoa, dagoeneko herria hiribildu zenekoa —1203an jaso zuen hiri-karta, Donostiak baino 23 urte geroago—. Zigiluaren alde batean, hiru dorreko gaztelua ageri da, eta bestean, lau arrantzale bale bat arpoiekin harrapatzen. Bale harrapaketa adierazten duen Europako lehen zigilua da hura. Berrehun urte geroago, 1503an, zigiluko bi elementuak plano berean agertuko dira lehen aldiz, hiribilduko pribilejioen berri ematen zuen Espainiako Errege Katolikoen pergamino batean.
Harrian landutako herriko armarri zaharrenak, aldiz, XVI. mendekoak dira. “Mendearen hasieran Hondarribia modan dago”, kontatzen du De Cespedesek. Errege katolikoek hiribildua promozionatu zuten eta Felipe II.aren ekimenez, Iruñeko elizbarrutian sartu zen, Baionakotik askatuz. Aldaketa hori iraunarazteko landu zuten herrian ikus daitekeen armarri zaharrena, 1567. urtekoa, Jasokunde eta Sagarrondoko Andre Mariaren eliz parrokiko albo bateko atarian ikusi daitekeena.
Hurrengo gizaldiaren hasieran hiru elementu berri gehitu zizkioten armarriari, aingeru bat giltza batekin, lehoi bat, eta lamia eta tritoi bana. Hainbeste elementu uztartu behar zirenez, kuartel bakarrekoa izatetik, bost kuarteleko irudia izatera pasa zen. Parrokiko sakristiaren ate gainean 1656ko armarri polikromatu ederra gorde da, Felipe IV.ak Hiri izendapena eman eta urte gutxira jarritakoa.
Ezagunena, gaizki jarria
Duen kokapenagatik, armarririk ezagunena Santa Maria Atekoa da, Kale Nagusiaren sarrerako arkukoa. Hain da ezaguna, ezen herritar askok uste baitu bertan jartzeko propio egin zutela. Baina, jatorriz, Amute auzoko kaputxinoen monasteriokoa da. Kote Guevara udal liburuzainaren hitzetan, kaputxinoek komentua erosteko aukera izan zutenean, udalari itzuli zioten: “Komentuko jabea udala zen, eta horregatik zuen armarria jarria, berea zela esateko. Baina XIX. mendean komentua desamortizatzen dutenean, eta horren ondoren kaputxinoek bere komentua erosi zutenean, lehenengo gauza egin zutena izan zen jabegoaren irudi hori kentzea, eta udalari eman zioten”. Eta udalak Santa Maria arkuan jarri zuen.
Kaputxinoek udalari itzuli ziotenean jarri zuten Santa Mariako arkuan
Kaputxinoetako irudia 1638ko setioaren ondoren egina zegoenez, Guadalupeko ama birjinaren irudia du koroaren gainean. Setioa irailaren 8an bukatu zen eta frantsesak garaitzeko emandako laguntzagatik, Ama Guadalupekoa hondarribiarren bihotzean, eta haien armarrian geratuko zen behin betiko. Zaindariarekin batera, gerra sariak agertzen dira aurrenekoz, kanoiak, balak, eta hainbat bandera.
Udaletxeko armarri parea
Gerra sarien garrantzia handituz joan zen urteekin, eta armarria barrokoagotzen. “Garai hartan teatralizazioa oso garrantzitsua zen, zer duzun eta zer zaren erakustea”, gaineratu du Guevarak. Horren erakusle dira udaletxeko bi armarriak, 1735ean Gabriel Zuloagak oparitutakoak. Apaingarriak armarria bera baino handiagoak dira, baina koroa, espero zutena baino txikiagoa.
Izan ere, Kale Nagusian gora 30 metro ibiliz gero, beste armarri eder bat aurkituko dugu da parrokiko kanpandorrean. 1764koa da, hau da, ia garai berekoa, eta udaletxeko armarriekin elementu guztiak partekatzen ditu, baina koroan alde handia dago, kanpandorrekoak bai, errege koro nabarmen bat duelako, udaletxeko fatxadakoek markes koro soilagoa duten bitartean.
Kanpandorreko armarria, 1764koa
Bisitarako aitzakia
Hondarribiko armarriaren garapena aitzakia polita da hiriko Alde Zaharra bisitatzeko, baina kontuan eduki behar da irudietako batzuk ez daudela jatorrizko lekuan, eta ezin zaiola, zentzu horretan, zehaztapen historikoa eskatu bisitari.
Kanpoko San Nikolas atea
Esaterako, orain urte gutxi XVI. mendeko San Nikolas atea berreraiki zutenean, eta Carlos V.aren armarria falta zenez —paradoreko atarian bada enperadorearen ikur bat—, udal biltegian aurkitu zuten ale bat jarri zuten haren ordez, XIX. mendeko azken urteetakoa. Ur biltegiko armarria zaharberritu, errege korua eta Ama Guadalupeko irudia erantsi eta enperadorearen ikurra egon zen tokian jarri zuten. Hau da, XIX. mende bukaerako armarri eskas bat, XVI.eko ate bikainean, zuloa tapatu ezinda.
Bale harrapaketa irudikatzen duen lehena, elementu naturalak, artifizialak eta eklesiastikoak uztartzen dituen bakarra, eta euskarazko orla duen bakanetakoa da. Baina horiek baino askoz ere bitxikeria gehiago biltzen ditu Hondarribiko ikurraren zortzi mendeko historiak, harrian landuak.