Hondarribiko Gazte Asanbladak ez du aurtengo jaietan Bikingo Marea antolatuko. Gazte Eguna abuztuaren 29an egingo dute, Emakumeen Mundu Martxari lotuta.
Iazko Bikingo Marearen hasiera
Hondarribiko Gazte Asanbladak ez du aurtengo jaietan Bikingo Marea antolatuko. Urtetik urtera handituz joan den ekintza da, parte hartzaileak batuz joan dena, baina baita lan karga ere. Eta aurten “indar nahikorik gabe” daude antolatzaileak, eta atseden hartzea erabaki dute, eta jaietako beste ekintzetan indarrak jarri. Datozen urteetan gazteen abordaia berriro antolatzen hastea ez dute baztertu.
Hain zuzen ere, gaur bilera egingo dute Gazte Xaian, Gazte Eguna eta jaietako egitarau alternatiboa prestatzeko. Gazte Eguna, abuztuaren 29an egingo dute, larunbatarekin, eta inoiz baino feministagoa izango dela adierazi du Larrun Sastre asanbladako kideak: “Emakumeen Mundu Martxarekin bat egingo du”. Oraindik egitaraua zehazteke dagoen arren, gazteak eta Emeki elkartea elkarlanean ari dira Gazte Eguneko zenbait jarduera antolatzen.