Euskara elkartea, iraileko fruitua
Euskarak Hondarribian izan duen erabilera beherakada iraultzeko xedez, parte hartze prozesua egin dute, eta ikasturte berriaren hasierarekin jarritako aleak lehen fruitua emango du
Beraien kezkak beste herritarrek ere partekatuak ote ziren jakin nahi zuten Bileretan izandako batzuk ez zuten aurretik elkar ezagutzenParte hartze prozesuko lehen bilerako aurkezpenean, Topaguneko kideek datu bat eman zuten: «Hondarribiarren %60ak euskara menderatzen du». Datu ona da, baina kalean horren islarik ez da, ezta herriak bisitari gutxien jasotzen dituen garaietan ere, neguan kasu. Horregatik, horri buelta emateko gogoak bultzatuta hartu dute gehienek euskararen prozesuan. «Ez gaude EGA ateratzeko eskatzen, edo gramatikalki hobetzearen bila, erabileraren alde baino ez», gaineratu du Arburuak. Horrekin bat dator Altuna, erabilera sustatu beharra premiazkoa dela deritzo, baina ez du uste bidea erraza izango denik: «Premia ebidenteena da erabilerarena, baina Hondarribian konkretuki ere badago beste kezka bat, hizkuntzaren prestigioarena». Bere ustez, «euskararen inguruan hausnarketa egiteko prest dagoen masa kritiko» bat ezinbestekoa da euskarari prestigioa itzultzeko. Prestigioaren ideia hori behin eta berriro azaleratu zen parte hartze prozesuan, parte hartzaileek hori oso argi zutela baieztatu du Altunak, «garai batean herri euskalduna zela, baina inertzia galtzen ari dela». Horrela, hainbat adibide atera ziren bileretan, eta horietako askok gazteentzako kirol jarduerekin zerikusia zuten, «kiroldegian edo kirol jardueretan euskara gutxi erabiltzen dela», eta gisa horretakoak. Helburu ez, tresna Hondarribian udaberrian egin duten parte hartze prozesuak bi gauza erakutsi ditu nagusiki; batetik, egoera kezkagarria dela eta soluzio handiak behar dituela. Eta bestetik, erronka horri aurre egiteko beldurrik ez duen jende multzo polita dagoela. Oraindik izenik gabe, ibilbide orria zehazteke, eta beste hainbat zalantza argitu beharko diren arren, irailean euskara elkartea jaioko da Hondarribian, eta herriari euskara itzultzeko tresna izatea nahi dute. Behintzat, horrela ulertu dute Topaguneak bideratutako jardunaldietan parte hartutakoek. «Parte hartze prozesua ez zen elkartea sortzeko, baizik eta ikusteko jendeak zein gogo zuen zerbait egiteko, egoera hobetzeko. Baina ondorio argietako bat izan da elkarte bat sortu behar zela», adierazi du Altunak. Prozesuan zehar eratutako antolakuntza taldeak proposamen hori egin zuen, eta gainontzeko taldeek ahobatez onartu zuten, eta irailean batzar orokorra egingo da elkartearen lehen harria jartzeko. Arburuak ez dauka argi elkarteak zenbaterainoko gaitasuna izango duen, baina saiatzeak merezi duela uste du: «Elkarte batek ez dakit lagunduko duen ala ez, baina ezer ez egiteak horrek seguru ez duela lagunduko, saiatu behar da, ea gauzak hobetzen diren».
Elkartea jaioko da eta herriari euskara itzultzeko tresna izatea nahi dute Erronkari aurre egiteko beldurrik ez duen jende multzo polita dagoHortaz, euskararen alde lan egiteko tresna berri bat izango du Hondarribiak irailetik. Sustatzaileek garbi utzi dutenez, «herritarrez osatutako elkartea izango da, independentea eta irekia beti». Udalarekin zerikusirik izango ez duen erakundea izango da, beraz, nahiz eta harremana izango duen. «Udalarekin harremana izan da prozesuan, informazioa eman zaie eta begi onez ikusi dute prozesua, euskara teknikariak parte hartu du, eta harreman horrek jarraitu behar du». Guraso batzuren kezka izan zuen abiapuntu, hondar alea. Hilabete gutxiren buruan konprobatu ahal izan dute ez zela haiena bakarrik kezka hori, askoz gehiago zirela euskararen egoera hobetzeko zerbait egin behar dela buruan zutenak. Irailean, ikasturte berriarekin batera, euskara elkartea jaioko da Hondarribian, ikastola sortu zela 50 urte beteko direnean. Bi albiste garrantzitsu, izan daitezela mugarri hizkuntzari prestigioa itzultzeko.
Itxasne del Rio: «Hau bezalako kontu batean, ahalik eta jende gehiago, hobe»
Nola sortu zen euskarari buruzko parte hartze prozesua egiteko ideia? Batekin eta bestearekin hitz egiten, eskola garaian eta, konturatu ginen kezka bat zegoela euskararen inguruan. Hasieran lau lagun elkartu ginen, lauak gurasoak, eztabaidatzeko eta zerbait egiteko gogoa genuenak, ikusten genuelako herrian ez zegoela euskararen inguruko talderik edo antzerakorik. Pixkanaka taldetxo hori handitzen joan zen, sei-zortzi lagun izatera pasa ginen, baina ez genuen aurrera egiten, ez genekien nondik jo. Orduan, taldeko batek aipatu zuen Euskaltzaleon Topagunekoak hor zeudela laguntzeko, antzerako kasuetan ibilita zeudela. Topagunearekin harremanetan jarri ginen, eta galdetu ziguten ea prest ginen herrian parte hartze prozesu bat egiteko. Hor hasi zen guztia. Nolakoa izan da parte hartze prozesu hori? Hiru saio izan dira, hiru ordukoak, eta dinamizatzaileak beraiek izan dira, Topagunekoak, guretzat guztiz berria zen hori. Hasieran kezkatuta ginen ea zenbat jende elkartuko ginen, baina egia esan, nahiko talde majoa egin zen. Hasteko girotze dinamikak egiten genituen saioetan, eta gero dinamika desberdinak. Ikusi genuen jendeak uste zuela bilera batera zihoala, baina ez zen bilera, parte hartze prozesuak eskatzen du jendeak iritziak, kezkak eta zalantzak partekatzea, eta dinamika batzuekin topo egin genuen. Hondarribian euskarak duen papera aztertu dugu, gure kezkak elkarbanatu ditugu, jorratu nahi ditugun ildoak zehaztu ditugu, zenbait talde sortu dira euskara herrian lantzeko, eta hortik joan dira saioak.«Dinamizatzaileak Topagunekoak izan dira, guretzat guztiz berria zen hori» «Ikusi genuen jendearen kezkak eta guk genituenak berdinak zirela» «Euskarak prestigioa galdu duela uste dugu eta merezi duen lekua eman behar zaioAgian ez zen jendeak espero zuen prozesua, baina taldea mantendu da hiru saioetan, ez dira beldurtu. Bai, oso pozik gaude. Egia da gorabeherak egon direla, baina hasierako taldea mantendu egin da, hasieran hasi ginenak bukaeran bukatu dugu, eta jendeak parte hartu du. Beldurtuta ginen hasierako girotze dinamikekin, parte hartu behar delako; adinak markatzen du, lotsa… baina oso beharrezkoak izan dira, giroa sortzeko balio izan dute, eta aurrera jarraitzeko bidea eman dute. Hasieran zuek zenituzten kezkak, eta jendeak parte hartze prozesuan azaldu dituenak, antzerakoak al dira? Bai. Hasiera batean biltzen hasi ginen taldetxo horretan, gure kezkak mahai gainean jarri genituen. Eta behin prozesuarekin hasi ginenean, bazen dinamika bat Badakit, ez dakit izenekoa, euskarari buruzko ezagutzaren gainekoa, eta hor ikusi genuen jendearen kezkak eta gureak berdinak zirela: Hondarribiko hizkera desagertzen ari dela familietan ez delako transmititzen, jende heldua errazegi gaztelaniara pasatzen garela, haur txikiak jolas parkeetan askotan gaztelaniaz aritzen direla, gazteen kirol ekintzetan askotan erdara dela nagusi, eta horrelako kezkak. Eta premia handiena, zure iritziz, zein da, aipatutako horiei guztiei buelta ematea? Bai, hori guztia aztertu beharko da eta lehentasunak markatu, baina prozesuan askotan prestigio hitza azaldu da. Euskarak herrian prestigioa galdu duela uste dugu, eta euskarari merezi duen lekua eman behar zaio, eta errespetua. Hori berreskuratu nahi dugu, euskararen prestigioa. Irailean elkartea sortuko duzue. Zein izango da Hondarribiko euskara elkartearen eginbeharra? Oraindik zehaztu behar da hori. Antolatzen ari gara eta elkartea sortzeko bidean gaude. Eginbeharra, berez, bileretan agertu diren ideia guztiak mahaiaren gainean jarri, aztertu eta helburu horiekin lanean hasi, hori izango da. Sortze bileran, parte hartze prozesuan ibilitakoak egongo zarete. Zuek bakarrik, edo jende gehiagok har dezake parte? Irekia da. Antolakuntza taldekoek [prozesuan sortutako taldeetako bat], irailean egingo den bilerara joateko deia egin digute. Baina bilerak irekiak izan behar dira, hau bezalako kontu batean, ahalik eta jende gehiago parte hartu, askoz hobe, askoz positiboago dena. Eta elkarteak berak ere zerbait irekia izan behar du, eta nahi duen oro gonbidatua dago etortzeko.