Ligako lehen erdia bete denean, Bermeok eta Hondarribiak erakutsi dute une honetan besteen gainetik daudela. Ez alde handiarekin, baina Orioren aurretik daude biak. Gainontzeko ontziek ezustekoren bat eman dezakete banderei begira, baina momentuz behintzat, hiru oilar daude oilategian.
Mikel Orbañanos eta Aner Etxart, igandeko ongietorrian
Ligako lehen erdia bete denean, Bermeok eta Hondarribiak erakutsi dute une honetan besteen gainetik daudela. Ez alde handiarekin, baina Orioren aurretik daude biak. Gainontzeko ontziek ezustekoren bat eman dezakete banderei begira, baina momentuz behintzat, hiru oilar daude oilategian.
Hondarribiak San Miguel Ligako sei bandera irabazi ditu eta Gipuzkoako Txapelketa. Azken urteetan ez bezala, liga hasiera ona egin dute berdeek, eztropozurik gabe beste oilarrek huts egin duten estropadetan, eta horrek aurrerago huts egiteko aukera ematen die. Larunbatean Nojan bosgarren geratuta, bazirudien hori izango zela Hondarribia makalago ibiliko zen lehen asteburua, baina Mikel Orbañanosek argi utzi du inork ez duela berak bezala bere koadrila ezagutzen. Euskadiko txapelketaren ondoren egin beharreko aldaketak egin zituen asteburuari begira. Emaitza, argigarria, beste bandera bat irabazi ez ezik, ligan duten errenta puntu bakarrean murriztu da.
Larunbatean lau puntu kendu zizkion Bou Bizkaiak Ama Guadalupekoari, eta zale batzuk urduri jarri zituen horrek. Euskadiko Txapelketan bezala, bermeotarrek hegan egin zuten olatuen gainean eta Orio eta Hondarribia baino hemezortzi segundo gutxiago behar izan zituzten estropada egiteko.
Baina igandean Getxon bandera irabazita, asteazkenetik aurpegian zuten irribarrea ezabatu zien Hondarribiak bermeotarrei. Berdeak bigarren txandan irten ziren, aurkari nagusien erreferentziarik gabe, baina sekulako estropada egin zuten erlojuaren kontra eta ohorezko txandan ez zen egongo haien denbora hobetuko zuenik.
Bermeo, itsasoan beldurgarri
Urdaibaik bi bandera astindu ditu San Miguel Ligako lehen erdian, bederatzitik bi. Oraindik aukerak baditu liga irabazteko, denbora agortzen ari zaion arren, eta Hondarribiak bezala, talde zabala du, denboraldi amaierara sasoiko iristeko arazorik izango ez duena. Hondarribiak lau bandera gehiago irabazi dituen arren, bizkaitarrak hortxe daude ia beti, lau aldiz geratu dira bigarren, eta Gorka Aranberrik iaiotasuna azaldu du bere ontzikideak olatuen gainean dantzan jartzen.
Bizkaiko eta Euskadiko txapelketak eskuratu ditu dagoeneko Bermeok. Euskadikoa bosgarren aldiz 2007tik, bizkaitarren erregetza hasi zenetik. Txapelketei dagokionez, hortaz, berdeen aurretik daude urdinak, eta itsasoa zakartzen denean abilezia erakutsi dute. Espainiako Txapelketa eta Zarauzko Estropadak irabazten saiatuko dira, gero Hondarribira moralez gainezka etortzeko.
Orio ez dabil urruti
Oriok bandera bakarra lortu du ligan, eta bigarren izan da Gipuzkoako Txapelketan eta hirugarren Euskadikoan. Ligan, sekulako iraultza eman ezean, ematen du bigarren postua dela lor dezakeen sari handiena, eta horretarako Urdaibairi hamabi puntu jan beharko lizkioke. Aurretik bezain urruti dituzte atzetik San Juan eta Kaiku.
Ondo dabiltza oriotarrak, baina hiru hutsegite handi izan dituzte —seigarren Malagan, bederatzigarren Moañan eta zortzigarren Portugaleten—, gehiegi denagatik borrokatzea helburu zuen taldearentzat. Nolanahi ere, horiek izan dituzte ere une politak, arraunean badakitela erakutsi dute, eta kontuz, beraiek irabazi baitzuten Kontxako eremuan Koxtapek antolatutako IV. Eusko Label Bandera.