Alegria eta Baglietto obraren antzezpen batean
Ostiral gauean euskarazko antzerki lan bat ikusteko aukera izango da Santiago kalean, 22:30ean hasita.
Nick Maritxu, Nick Bartolo obrak umorea, dantza eta erotismoa uztartzen ditu, eta ezustekoz beterik dago. Ylenia Baglietto eta Ugaitz Alegria aktoreak saiatuko dira ikuslea munduan eta denboran zehar garraiatzen: klasikotik futuristara, musikaletik dramara, beldurrezko eszenetatik epikoenetara, egoera absurdotik errealismora, patetismotik hunkigarritasunera, beti ere komedia nagusi dela.
Glu Glu konpainiaren ekoizpena da eta Galder Perezek zuzenduta dago. Izenburuak iradokitzen duen bezala, ‘Maritxu nora zoaz’ abesti ezaguna da antzezlanaren abiapuntua. “Umorezko maitasun eta erotismo istorio honek gure erokeriak itsututa begien aurrean dugun hori ikusten uzten ez digula kontatzeaz gain, helduek batzuetan jolasaren zentzua ez galtzearen beharraz ohartzen digu”, azaldu du zuzendariak.
Sinopsia:
Maritxu eta
Bartolo ezizenak dituzten gazte bik txatean topo egingo dute. Denbora batez internet bidez komunikatzen egon eta gero zita egitea erabakiko dute. Non eta opera bateko biltegi zaharrean pasatuko dute gaua elkarrekin.