Julen Castrillon Ama Guadalupekoako finkoetako bat da aurten, baina 25 urte baino ez ditu, eta lagun gehiago bigarren ontzian, lehenean baino. Aurtengo emaitza onak haientzat ere sorpresa direla onartu du, baina ziur dago estropada txarrak ere izango dituztela.
Julen Castrillon, arraun elkartearen egoitzan
Hondarribia Arraun Elkarteko arraunlariek lau bandera paseatu zituzten igandean Portuan, hiru lehen ontziak lortutakoak —Gipuzkoako Txapelketan eta Orio eta Portugaleteko estropadetan—, eta bestea, B taldeak —Plentziako estropadakoa—.
Julen Castrillon lehen ontziko finkoetako bat da aurten, baina 25 urte baino ez ditu, eta A ontzian baino lagun gehiago ditu bigarren ontzian. Horregatik, B taldeak irabazten duenean ilusioa handia egiten dio.
Hain emaitza onak lortu izana eurentzat ere sorpresa dela diola, eta badaki momentu txarrak iritsiko direla, baina arraun elkartearen etorkizuna ziurtatuta dagoela uste du.
Igandekoa pasada izan zen, lau bandera paseatu zenituzten.
Bai. Autobusean komentatu genuen, Portugaletetik bueltan, banderen bedeinkapena emango zuela. Ez dut uste inoiz egon denik lau bandera batera ekartzea. Oso zaila da hori. Beharrezkoa da A ontzia ondo ibiltzea, eta B ontzia ere ondo, biak. Bestela, ezinezkoa da. Eta hori oso zaila da. Ez dakit, baina baliteke lehen aldiz izatea.
Bigarren ontzikoak ez dira zu baino askoz gazteagoak. Nola ari dira bizitzen hau guztia?
Lehen ontzian bagara batzuk, Manex [Aldai], ni, Iñigo Sagarzazu, Beñat [Egiazu] eta Ugutz [Bilbao] bi taldetan dagoela, nahiko gazteak garela. Eta elkartetik kanpo egoten gara gehiago beheko jendearekin, gure lagunak direlako gehiago, A-koekin baino. Eta guri ilusio handia egiten digu beraiek irabaztea. Bilbon, Galder [Esponda] eta Bikendirekin [Alza] bizitzen egon naiz hiru urtez, eta beheko taldean daude. Eta asteburu berean denek irabaztea oso polita da.
Eta beraientzat zuek eredua zarete, hori da lortu nahi dutena, lehen ontzian sartzea.
Bai, zaila da iristea, baina badakite behintzat Hondarribian aukera dutela iristeko. Beste talde batzuetan gehiago kostatzen da iristea, baina hemen, Hondarribian, aukera egoten da. Urtero-urtero ez da izaten, baina jendea ari da igotzen, eta emaitzak ematen ari dira. Testak oso onak dira eta pentsatzen dut hurrengo urterako beste pare bat igo daitezkeela.
Eta hori beteranoek ez dutela inolako asmorik uzteko…
Bai, kirol hau aldatu da. Geroz eta hobeto prestatzen gara, eta gehiago aguantatzea bada. Asier Puertasek 40 urte egin zituen aurreko astean, Osertzek ditu 39, Iurgi… Baditugu beterano batzuk. Kirola ez da hain leherkorra, eta adinean aurrera egin ahala ez duzu hainbeste galtzen. Arraunean, gainera, teknika oso inportantea da, esperientzia, eta horiek asko dute.
Zu finkoetako bat bihurtu zara lehen ontzian. Gustura egongo zara?
Ni saiatzen naiz beti urtero pixka bat hobetzen, emateko taldeari pixka bat gehiago eta Mikelek [Orbañanos] uste badu egin behar dudala arraunean… Egia esan egiten dut nahiko, eta egiten duzunean zaude kontent. Ez dago gaizki batzuetan aldatzea, uda luzea delako, eta errotazio gehien egiten duen ekipoa iritsiko da hobeto bukaerara. Eta hori egiten ari gara saiatzen.
Igandean, Portugaleten, bost aldaketa egin zenituzten, eta asteburuko bigarren bandera irabazi. Hori beste taldeentzat etsigarria izan behar du, ez?
Klaro. Baditugu izena duten arraunlariak, ezagunak direnak, baina asko etxekoak gara eta ez dugu hainbesteko fama. Eta beste taldeek igual esango dute, ‘joder, egiten dituzte bost aldaketa eta bandera larunbatean, eta hurrengoa ere bai!’.
Ni saiatzen naiz urtero pixka bat hobetzen,
emateko taldeari pixka bat gehiago
Eta postu txarrena, hirugarrena.
Bai, Donostian. [Barre egiten du]. Guretzako ere ari da sorpresa izaten, bagenekien ari ginela ondo, neguan aulki mugikorrean ondo ibili garelako, trainerilletan ere, traineruko aureneko estropadak irabazi ditugu… baina batean falta zen Urdaibai, bestean beste bat, eta ligan denak daude. Ez dakizu zein entrenamendu egin duten, eta gu lasai ginen, bagenekielako udan gehiago ibiliko zirela. Horregatik ari da sorpresa izaten.
Baina egia da irabazi ditugun banderak ez ditugula irabazi hogei segundogatik, eta suertea beti gure alde izan dugu. Eta izango dira beste batzuk galduko ditugunak segundo batengatik.
Ligan lortu duzuen aldea, hutsik egin ez duzuelako izan da hori, erregularrak izan zaretelako…
Bai, eta besteek huts egin dutelako. Urdaibaik huts egin izan du, baina bereziki batean asko huts egin zuen, bederatzi puntu kolpean. Eta hori ahal zaigu guri pasa, eta hurrengo estropadan bederatzi puntu ateratzen dizkizute eta hor zaude berriz. Jendeak esaten du liga erdi erabakita dagoela, zazpi estropada egin ditugu, hamabi falta dira. Eta igual hasten dira gauzak gaizki ateratzen.
Mikelek esaten digu beti etorriko direla estropada txarrak, kale txarrak, txanda txarrak, ziaboga bat estriborretik hartu… eta hor jakin behar dugu lasai egoten, egoera horietan gauzak ondo egiten, beti ez direlako ondo ateratzen.
Ez goaz ez lehengo urtean baino aurrerago, ez atzerago. Horregatik gaude lasai, ari garelako gauzak egiten egin behar ditugun bezala, pazientziarekin. Kanpotik eman dezake topera gabiltzala, telebistan esan zuten beste egunean ‘ea iritsiko diren irailera’. Espero dugu baietz, ondo ari gara.
Kanpotik iritsi daiteke presio hori, ez? Zaleak pentsa dezake horrelako liga hasiera eta gero dena irabazi behar duzuela.
Bai, hori txarra da, jendea ohitzen delako postu onetara, eta gero igual geratzen zara laugarren edo bosgarren, eta ematen du gaizki egin duzula, baina laugarren edo bosgarren geratzea TKEn oso postu ona da. Gustatuko litzaiguke baloratzea zein zaila den erregulartasun hori mantentzea, eta hirugarren geratzen bagara ez galdetzea ‘zer gertatu zaizue?’. Lehengo urtean Kontxan bigarren geratu ginen, eta niretzat oso Kontxa konpletoa izan zen, kristoren denbora egin genuen, eta ni asebeteta geratu nintzen. Gure %100a eman genuen, baina Urdaibaik irabazi zuen. Izorratzen duena da laugarren geratzea egin zenezakeen guztia egin ez baduzu. Baina, egin baduzu, eta laugarren geratzen bazara, ondo dago hori.
Etorriko dira estropada txarrak, kale txarrak,
txanda txarrak… eta hor jakin behar dugu lasai egoten
Badatoz estropada politak orain, Euskadiko Txapelketa, Zarauzkoak… Ba al da baten bat bereziki irabazi nahiko zenukeena?
Egia esango dizut, ez dugu horretaz hitz egiten, ez dugu helbururik jartzen. Aldiro esaten dugu ‘ea irabazten dugun hurrengoa’. Zarauzkoa irabaztea oso espeziala izango litzateke, klubak ez duelako inoiz irabazi; baina oso zaila da, bi egun direlako eta bi egunetan egin behar duzulako ondo. Eta Euskadikoa orain dela bederatzi urte ez dela irabazten, lehengo urtean bigarren, orain dela bi hirugarren uste dut… Baina helbururik ez dugu jartzen. Bai, etxeko estropada nahi dugu ondo egin, eta Kontxako sailkapena, ematen duelako ligan ondo bazaude Kontxa barruan zaudela, eta ez da horrela, lehenengotik zortzigarrenera igual hamar segundo daude, eta kanpoan geratu zaitezke. Horiek inportanteak dira, baina denak dira garrantzitsuak.
Aurten dagoeneko estropada on asko egin dituzue. Horrelakoetan, zeinekin gogoratzen zara?
[Pentsakor] Ez daukat ordenik… baina lehenengo gurekin, hamaika hilabetetan entrenatzen aritu garelako, neguan euria eta hotzarekin, eta pixka bat merezi dugu. Gero estropada guztietara joaten direnekin gogoratzen zara, Malagara, Galiziara… beti dago jendea. Gero lagunak ere bai, badakitelako zenbat gauza hipotekatu behar ditugun. Familian ere, etxean jende asko dagoelako.
Eta elkarte barruan, ba al duzu ereduren bat, norbait gehiago estimatzen duzuna?
Entrenatu denek entrenatzen dugu antzerako, eta konpromisoa denena da antzerakoa, baina Asier Puertas niretzat mito bat izan da. Joan den astean hamargarren Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen, ez dakit zenbat bandera irabazi dituen. Eta arrauna nola egiten duen, ni bere aurrean joaten naiz beti eta asko fijatu izan naiz beregan. Eta gero Manex, nire koadrilakoa eta nire lagunik onena, eta elkarrekin egiten dugu arrauna, hori da oso berezia. Ez genuen espero biak iristea elkarrekin, eta biek kointziditzea… eta gainera garai honetan.
Ematen du, gainera, hurrengo urteak ere onak izango direla. Oinarri ona du elkarteak.
B ontzia baldin badabil ondo, horrek esan nahi du jende gaztea badagoela, gogoarekin eta arraunean jarraituko dutenak, Etorkizuna ondo dator, hainbeste garaipen lortzea ez da erraza izango, baina maila polita emateko, bai. Aurtengo Hondarribiko jaitsiera etxeko hamalau arraunlarirekin egin genuen, eta irabazi genuen.
Eta zuk, ikusten al duzu zuren burua 40 urterekin arraunean?
Ez dakizu, batzuetan ez dagoelako zure esku. Lanera joan behar baduzu kanpora, edo min hartu eta ezin jarraitu, edo haserretzen zara eta ez duzu arrauna gehiago egin nahi. Ez dakizu. Baina berez nik jarraituko dut.
Konpentsatzen du orduan, hamaika hilabeteko esfortzu horrek merezi du.
Bai, ohitzen zarelako. Hipotekatu behar dituzun horiek hasieran oso gogorrak dira, adibidez Hondarribiko jaietan ez ateratzea, baina gero ohitzen zara. Ja ez zait inporta. Oporrak, ditugunean, aprobetxatzen ditugu. Niri, momentuz, bai konpentsatzen dit, baina klaro, 25 urte ditut, ez dut seme-alabarik, gurasoen etxean bizi naiz. Beste batzuk bai dute meritu gehiago, bi seme edo hiru dituztenak, lana, etxea… horiek beti urtero daude zalantzarekin, hasi edo ez, baina gero beti jarraitzen dute. Arraunak badu zerbait, kanpotik ematen du sekta edo antzerako bat dela, baina gauza da asko kostatzen dela arrauna uztea, eta nik uste dut hori dela jendearen artean sortzen den harremanengatik. Egunero elkarrekin pasatzen dugu lagunekin edo familiarekin pasatzen duguna baino gehiago, eta hemen duzun konfiantza ez duzu beste jendearekin. Nik nire koadrila dut, eta oso ondo eramaten naiz beraiekin, baina hemen ditudan lagunak ere handiak dira, eta utziz gero, horrekin mozten duzu, eta zaila da. Eta gainera, irabazten ari bazara, emaitza onak lortzen, askoz zailagoa da uztea.