Lehen aldiz Hendaia eta Hondarribian egin dute, Rugby Club Hendayais taldeari antolakuntzan Irun RT batu eta gero. Peña Zozom eta Anglet Beach Girls taldeek irabazi dute txapelketa.
Peña Zozom taldekoak, irabazleen txapela jantzita
Peña Zozom, gizonetan, eta Anglet Beach Girls, emakumeetan, izan dira aurtengo Txingudi Beach Rugby txapelketako irabazleak. Larunbatean egin zuten Ondarraitz eta Hondarribiko hondartzetan, Hendaiako eta Irungo errugbi klubek antolatuta. “Aurreko urteetan Hendaiako taldeak antolatzen zuen, euren hondartzan, baina aurten txapelketa zabaldu nahi izan da eta Irun Rtk laguntza eman du horretarako”, azaldu dute Irungo beltzek.
Angeluko neskak, kopa jasotzen
Hondartza bakoitzean bina zelai prestatu zituzten eta goizean sailkapen faseak jokatu zituzten. Arratsaldean, aldiz, Hendaian egin ziren txapelketako finalak, baita gero hirugarren denbora delakoa. Orotara 30 taldek hartu zuten parte, eta irundarrek hiru talde aurkeztu zituzten, bi gizonenak eta beste bat emakumeen txapelketan. “Ez zuten gaizki egin, kontuan izanik beste aldean duten maila”. Irun RTren gizonen taldeetako bat, zilarrezko kopako finalerdietara iritsi zen.
Lehen aldiz egin zen Txingudi Beach Rugby txapelketa Bidasoaren bi aldeetan eta Iñigo Camarero irundarrak oso balorazio ona egin du. “Goiz osoan ez genuen eguzkirik ikusi, eta arratsaldean galerna altxatu zen eta finalak ordubetez atzeratu behar izan ziren, baina esperientzia oso polita izan zen eta dena ondo atera zen”.