Donostiako Kresala elkartea, eta Tolosako Udaberri eta Zumarragako Irrintzi dantza taldeek jasoko dute Jaizkibel konpainiak deituriko lehen Hondarribia, Berdintasunaren Saria.
Donostiako Kresala elkartea, eta Tolosako Udaberri eta Zumarragako Irrintzi dantza taldeek jasoko dute Jaizkibel konpainiak deituriko lehen
Hondarribia, Berdintasunaren Saria. Deitzaileek azaldu dutenez, “Hondarribiaren izena garbitzea eta berdintasunaren hiria bilakatzen laguntzea” asmo du sariak eta urtero errepikatzeko asmoarekin jaio da.
Emakumeak, lehen aldiz, Antioko ezpata dantzan
Epaimahaiaren arabera, sariko lehen edizioa “emakumeen parte hartzea festetan tradizioa aldatu gabe, gatazka handirik gabe eta erakundeen laguntzaz ahalbideratu duen ekintza positiboentzat” izango da, eta horregatik hautatu dituzte Kresala, Udaberri eta Irrintzi taldeak, “hiri eta esparru desberdinetan, ekitaldien mamia aldatu gabe, emakumeen parte hartzea lortu” dutelako.
Kresala Elkartearekin
lehen emakumeak desfilatu zuten Donostiako danborradan, 1980. urtean. Tolosan, 2013ko San Joan egunean,
bordon-dantzan aurrenekoz aritu ziren Udaberri dantza taldeko emakumeak. Eta Zumarragan, aurten izan da lehen aldia emakumeek gizonekin batera
Antioko ezpata-dantzan parte hartu izan dutena, uztailaren 2an.
Izen ezagunek osatu dute Hondarribia, Berdintasunaren Sariko epaimahaia: Garbiñe Biurrun epailea, Maialen Lujanbio bertsolaria, Nieves Alza Txingudi Saski Baloi Elkartearen presidente ohia, Paul Rios giza eskubideen aldeko ekintzailea eta Xabier Lapitz kazetaria.
Irailaren 4an banatuko dute saria, oraindik zehaztu gabeko lekuan.