Lehen ontziak Gipuzkoako Txapelketa eta Orio eta Portugaleteko banderak irabazi ditu astezkenetik. Arraun Elkarteko bigarren ontzia Plentziako estropadan nagusitu zen larunbatean.
Lau banderak, atzoko omenaldiaren hasieran
Atzokoak, denboraldi amaierarekin egiten den banderen bedeinkapena zirudien. Bat, bi, hiru eta lau, lau bandera paseatu zituzten Hondarribia Arraun Elkarteko arraunlariek atzo Portuan, zaleen gozamenerako. Denboraldiko herena bete ez denean, suziriak erosteko aurrekontua handitu beharko du elkarteak.
Ama Guadalupekoak hiru estropada jokatu ditu azken astean eta hirurak irabazi: Gipuzkoako Txapelketa asteazkenean Donostian, eta
San Miguel Ligan, larunbatean Orion (
sailkapena) eta atzo Portugaleten (
sailkapena). Dagoeneko bost dira San Miguel Ligan lortutako garaipenak, zazpi estropadetan bost bandera eta bi bigarren postu.
Lehen aldiz, gainera, asteburuko bi probetan garaile izan dira berdeak, larunbatetik igandera ontzi barruan bost aldaketa egin eta gero. Orain arte erakutsitakoa ikusita normala da beste kluben etsipena.
Hondarribiarren aurkarien artean, Urdaibaikoa da liga irabazteko aukerak mantentzen dituen traineru bakarra, baina 12 puntura dago, tarte handiegia kontuan izanik Ama Guadalupekoak berezkoa duen erregulartasuna, eta aurten erakusten ari den sendotasuna. Eta Urdaibai urruti baldin badago, zer esan besteez. Orio 23 puntura dago, Tiran 26ra, San Juan 30era eta Kaiku 31ra.
Bigarrenak ere
Baina aurten ez da lehen ontzia banderak astintzen dituen bakarra. Larunbatean urteko hirugarren garaipena erdietsi zuen Plentzian,
KAE2 ligako bigarrena —bestea Lekeition lortu zuten denboraldi hasieran—. Atzo Oreretan hirugarren geratu ziren, eta bezperan lortutako lidergoa galduta ere, Castrori lehen postua lehiatzeko gai direla erakutsi diote asteburuan.
Historian joan dena bezalako aste gutxi biziko ditu Hondarribia Arraun Elkarteak, baina horrek ez du esan nahi aurten errepikatu ezin denik. Besteak beste, ikusitakoa ikusita, hurrengo asteazkeneko Euskadiko Txapelketa irabazteko faborito nagusia da Ama Guadalupekoa.