Udal aldizkariko Tribuna irekia atalerako, ekainean Irunero-k zentsuratutako testu bat bidali zuen koalizioak, sarreratxo batekin. salatu dute argitaratutako bertsioa ulertezina dela.
Oinatz Mitxelena
Irungo Udal aldizkariko
Tribuna irekia atalean, alderdi bakoitzak nahi duen testua argitaratzeko aukera izaten du eta EH Bilduk, uztaileko alerako, Yurre Ugarte kazetariaren idatzi bat bidaltzea erabaki zuen, hain zuzen ere, ekainean Irunero aldizkariak zentsuratu egin ziona. “Idazleak sufritu zuen zentsura dela eta, gure espazioa berari eskaintzea erabaki genuen”. Oinatz Mitxelena bozemaileak testua moldatu eta edukiz hustu dietela salatu du gaur goizean koalizioak eman duen prentsaurrekoan.
Koalizioak, gaztelaniaz idatzitako sarreratxo bat prestatu eta Ugarteren testua bidali zuen argitaratu zezaten: “Artikulua eta gertatutakoa azaltzen zuen sarreratxo txiki bat bat jasotzen zituen testu bat idaztera mugatu ginen. Testua idatzi ondoren, berau udaletxeko alkatearen kabinetera bidali genuen, Udal aldizkarian EH Bilduk duen tartean publikatua izan zedin”.
Baina Mitxelenak jakinarazi duenez, udal aldizkariak testuari zentzua kendu dio: “Aldizkarian argitaratu den testuan, gaztelerazko sarreratxoa moldatua izan da eta zentzu gabeko testu txapuzero batean bilakatu. Ez dute zuzenean zentsuratu, baina
akats baten bitartez, artikuluaren edukia zentzurik gabe utzi dute”.
Mitxelenak erantsi duenez, EH Bilduk ez du uste akatsa nahi gabe egina dagoenik: “Udal aldizkarian alderdietatik bidaltzen diren testuak txertatzeko ardura udaleko prentsa kabineteak dauka. Eta bertan lan egiten duten langileak alkatearen konfiantzazko pertsonak dira. Eta bertatik, zentsura salaketa bat, eduki hustuketa baten bidez baliogabetzen saiatu dira”.
Horregatik guztiagatik, gertatutakoa zuzentzeko eskatu dute Irungo koalizio abertzaleak, “akatsa onartu eta zuzenketa publikoa egitea”.
EH Bilduren testua
Argitaratutako testua (bi orritan)