Ia 40.000 bidaiari izan ditu Ekialdebus konpainiak blues jaialdia bitartean eta 92.277 ibilgailu zenbatu zituzten herrira sartzen.
Ekialdebus autobus konpainiak azaldu duenez, ostegunetik igandera, hau da, blues jaialdiak iraun zuen bitartean, 37.978 bidaiari sartu eta irten ziren Hondarribitik.
Ekialdebusek ohiko zerbitzua indartu zuen blues jaialdirako, eta gaueko lineetan autobus gehiago jarri zituen lau egunetan. Bistan denez, Ekialdebusek egindako esfortzuak bere fruitua eman du.
Candye Kane, ostiraleko saioan
Noski, egun horietan Hondarribira iritsitako guztiek ez zuten autobusez bidaiatu, ezta gutxiagorako ere. Udaltzaingoak jasotako datuen arabera, 92.277 ibilgailu sartu ziren ostegunetik igandera Hondarribira. “Blues jaialdiaren musika eskaintzak, udako eguraldi onak eta hondartzak, eta Hondarribiak dituen erakargarritasunek, lau egun hauek herria topetaraino egotea ekarri dute”, iritzi dute udaletik.
Zaila da jakitea ibilgailu horietatik guztietatik zenbat etorri ziren blues jaialdiara, baina datu adierazgarri bat ematearren, ostiralean eta larunbatean gaueko bederatzietatik gauerdira arte ia 3.000na ibilgailu sartu ziren herrian: 2.951 ostiralean, 2.957 larunbatean eta 2.050 igandean.