Iaz hiru aldiz puskatu zituzten itxiturak. Udala eta aldundia sastrakaz garbiten ari da Justizetik mendebalderuntz doan eremua, sute arriskua murrizteko.
Datozen asteotan Jaizkibel mendira pistetatik ibilgailuz sartzea debekatuta egongo da, urtero garai honetan izaten ohi den bezala. Kalixa Silanes Nezakaritza eta Ingurumen zinegotziak onartu duenez, oraindik bada arauak errespetatzen ez dituenik. “Hiritarren gehiengoak zintzoki errespetatzen ditu arauak, baina beti bada bat edo beste autoarekin pistetatik sartu eta edonora heldu nahi duena. Denon artean mantendu behar dugu Jaizkibelen daukagun altxorra eta natura”.
Silanesek ohartarazi duenez, iaz hiru bider puskatu zituzten itxiturak.
Garbitutako eremuko zati bat
Suteak ekiditzeko garbiketa
Bestalde, joan den astean mendiko zenbait eremu garbitzen eta sastrakaz libratzen ari dira udala eta aldundia. “Proiektua bi erakundeek ordaindua da, eta xedea mendiko zenbati eremutatik belar handiak eta sastrakak kentzea da, hala sute arriskua gutxitzeko”, azaldu du Silanesek.
Nezakaritza eta Ingurumen zinegotziak gehitu duenez, Justizetik Biosnarreraino egin dute garbiketa bereziki: “Azken urteetan ez da garbiketa sakonik egin gune hauetan, eta sasiak zabalduak ziren, neurri handiak zituzten, eta hori moztu egin behar zen. Hori dela-eta garbiketa lan handia egiten ari gara, batez ere Justizetik mendebalderantz, Txortxipi eta Biosnarreraino”.
Garbiketa eta gero, leku horietara errazago sartu eta sute arriskua murriztea lortuko da, bereziki aurtengoa bezalako uda beroan.