Hondarribiko Master Series txapelketako finalerdiekin hasiko da Jai Alai World Tour bira. Munduko pilotari onenak lehiatuko dira ostiralero Jostaldi pilotalekuan.
Jostaldiko uda aurzkeztu zuten uztailaren 2an Hondarribiko udaletxean
Mikel Egiguren egungo txapelduna banaka zein binaka, Gotzon Enbil, bikoteka lau aldiz txapela jantzitakoa, eta Iñaki Osa Goikoetxea, bakarkako sei txapelketa eta binaka beste bost irabazi dituen pilotaria. Horiek izango dira gaur arratsaldean Jostaldi pilotalekuan, udako zesta punta jaialdi profesionalen abiatzean. 20:00etan egingo dute lehen sakea.
Ia ezinezkoa da maila handiagoko partida bat antolatzea, baina asteartean Bilbon Jai Alai World Tour birako zozketak egin zituztenean, Jostaldi pilotalekuko zaleen mesedekoa izan zen emaitza. Hondarribiko Master Series txapelketarekin hasiko da aurten Jai Alai World Tour bira eta izen handiko puntistek parte hartuko dute.
Gaur Master Serieseko finalerdiak jokatuko dituzte. Lehen finalerdian aipatutako hiru puntistak izango dira: Egiguren II.a eta Enbil elkarrekin, Ibai Erkiagarekin bikote osatuko duen Goikoren kontra. Aurten lehen aldiz izango da Goikoetxea zumaiarra Jai Alai World Tourrean eta lehen bi ostiraletan behintzat Hondarribian jokatuko du.
Gaurko beste finalerdian, Jon Zulaika-Manex Urtasun eta Olharan-Israelen artekoa jokatuko dute gaur. Zulaika, Hondarribiko Pilota eskolako irakaslea izandakoa da eta Urtasun, irundarra, Bidasoko puntista profesional bakarra. Dudarik gabe harmaila euren alde izango dute, baina zaila izango dute Olha eta Israelen kontra, eskarmentu handiagoko pilotariak baitira biak.
Gaurko partidetako bi irabazleek elkarren kontra jardungo dute hurrengo ostiraleko finalean, 3. eta 4. postuen lehiaren ondoren.
Abuztuan Munduko Txapelketa
Ostiralero abuztuaren erdialdera arte partida profesional bana jokatuko dute Jostaldin, Jai Alai World Tourrerako baliagarriak denak, eta partida bakoitzaren ondoren kiniela jokoa izango da. Eta abuztuko azken bi ostiraletan, Munduko Pilota Biltzarrak antolatzen duen binakako txapelketa iritsiko da Hondarribira. Abuztuaren 21erako final laurdenetako bi partida programatu dituzte eta udako denboraldiko azken ostiralean, abuztuaren 28an, Munduko Txapelketako final handia eta 3. eta 4. postuak zehazteko lehiak.
Sarreraren prezioa 12 eurokoa izango da ostiralero, gastronomia dastaketa barne. Jaialdi bakoitza hasi baino ordubete lehenago irekiko dute leihatila, baina aldez aurretik erosteko aukera ere badago, Hondarribiko bi turismo bulegoetan —Arma Plazakoa eta kirol kaikoa—, Hendaiakoan, edo
jai-alive.com webgunean.