Goiko bi irudiak Hondarribia B eta San Pedro Brenak dira. Behekoetan Hibaika eta Itsaslapurrak daude. Irudiak martxoko San Pedroko jaitsierakoak dira. Argazkia: Josu Z.
Etzi hasiko da KAE2 Liga Sestaon, Iberia Banderarekin (17:00etan da). Euskal Herriko traineruek parte hartzen duten hirugarren maila antzekoa da liga hori, eta Oarsoaldeko hiru traineru eta Bidasoko bat daude bertan: Hibaika, San Pedro B, Oiartzungo Itsaslapurrak eta Hondarribia B.
Formaziorako bokazioa du batik bat liga horrek, arraunlariek konpetizioarekin harremana izan dezaten, aurrerago maila handiagoetan aritzeko eskarmentua hartu eta A ontziak laguntzeko; hori aurten ere San Pedro B eta Hondarribia Bren kasuan gertatuko da. Baina bi traineru horiek aukera izango dute hamalau taldez osatutako liga horretako estropadaren bat irabazteko (hamalau dira orotara). Hortaz, sailkapenaren goialdean egoteko asmoa dute.
Hibaikaren asmoa da ohorezko txandara hurbildu eta onenen artetik ez oso urrun egotea. Hazteko ordua du errenteriarren gizonen ontziak, eta 2015an azaldu behar dute azken urteetako lanak emaitzak eman dituela.
Zeharo ezberdina da Oiartzungo Itsaslapurren asmoa. Lehian lehen urtea izanda, esperientzia pilatzea da euren xede nagusiena.