EH Bildu Syrizaren alde elkarretaratuko da ostegunean
Greziako herritarrei elkartasuna eta Syrizaren gobernuari babesa adierazteko elkarretaratuko da EH Bildu.
Hondarribiko EH Bildu koalizioak elkarretaratzea deitu du biharko, ostegunerako, “Europako bankak, Europako Batasunak, europar agintariak, Nazioarteko Diru Funtsak eta burtsako kalifikazio agentziek Greziako gobernuaren aurka abiarazi duten eraso bortitza” salatzeko. 19:00etan elkarretaratuko dira San Pedro kalean.
Nazioarteko presioaren aurrean Greziak “bere etorkizuna burujabetasunez erabakitzeko eskubidea” duela iritzi du koalizioak: “Ez dagokie ez Europako agintariei eta ezta finantza erakundeei ere herrien etorkizunari buruzko erabakiak hartzea, hori soilik bertako herritarrei dagokie, eta erabaki hori askatasunez hartzea baldintzatzen duen edozein ekintza xantaia politiko bat besterik ez dela irizten dugu”.
Elkarretaratzearekin, Greziako herritarrei elkartasuna eta Syrizaren gobernuari babesa adierazi nahi die EH Bildu alderdiak.