Emakundek, Arartekoaren ordezkariak eta EH Bilduk gaur goizean Irungo alardeetan gertatutakoaz gogoeta egin dute, alkatearen eta aldundiko nahiz batzar nagusietako agintarien jarrera gaitzetsiz.
Erakunde eta alderdietako ordezkariak, udaletxean, Alarde Parekidea bitartean
Erreakzio sorta izan da, gaur ere, Irungo alardearen harira. Emakundek, EH Bilduk eta Arartekoaren ordezkari Julia Hernandezek zergatik egon diren Alarde Parekidea babesten azaldu dute hedabideen aurrean, izan ere, alderdi nahiz erakunde horietako ordezkariak izan dira alarde publikoaren joan-etorriak ikusten, eta aldi berean, bermatzen. Si Se Puede Iruneko kideek ere harrera egin diote.
Emakundeko ordezkariak saiatu dira Jose Antonio Santano alkatearekin hitz egiten –Alarde Tradizonalari bakarrik egin dio harrera Santanok—, baina Emakundetik esan dute ezin izan dutela harekin solasaldia egin. Erakunde horren helburua zen Santanok Alarde Parekideari ere harrera egiteko eskaera zuzenean egitea. Baina ez da horrela izan, eta alkatearen ausentziaren harira kritika egin du Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak gaur, udaletxeko balkoian zela: “Batari harrera egiten badio besteari ere egin beharko lioke. Aldaketarako pauso nabarmen bai izango litzateke. Arantxa Iraola kazetariak
Berria egunkarian jaso ditu Landaidak esandakoak sakonago —Landaidarekin batera Ana Alberdi Emakundeko idazkari nagusia izan da Irunen—.
Arartekoaren ordezkari Julia Hernandezek ere adierazpenak egin ditu alardea bitartean, udaletxearen atarian. Esan duenez, berdintasuna berma dadila da Arartekoaren helburuetakoa ekintza edo ekitaldia edozein dela ere, eta berdintasun horren aldeko urratsa dela Arartekoaren ordezkaritza gaur Irunen izatea esan du: “Beharrezkotzat eman dugu hemen egotea, eta nahiko nuke beharrezko urratsak eman ditzatela erakundeek bi alarde egon ez daitezen laster. Botere publikoaren ardura da hemen gertatzen denarekin bukatzea, gurea ere, beraz”.
EH Bilduk ere ordezkaritza zabala izan du gau Irunen. Tokiko zinegotziez gain, Gipuzkoako agintariak ere izan dira hirian Alarde Parekideari babesa emateko, Xabier Olano eta Ainhoa Beola Gipuzkoako batzarkideen presentziarekin. Koalizioko kideek esan dutenez, biak ala biak “Gipuzkoako ahaldun nagusiaren lekua eta batzar nagusietako lehendakariaren lekua betetzera” joan dira Irunera, “beraiek emakumeak bakarrik uztea erabaki baitute. Emakumeen eskubideetan ere lau urte egin dugu atzera”. Irunen alarde bakarra eta berdintasunezkoa nahi dute EH Bilduko kideek, eta Markel Olano ahaldun nagusiari eskatu diote “penagarria” dela hura ez egotea “berdintasuna bermatzen duen alarde bakarrean”.