Emakundeko ordezkariek babesa emango diote bihar Alarde Parekideari, eta aldi berean alkateari eskatu diote harrera egin diezaiola emakumeak eta gizonak soldadu dituen alardeari.
Alarde Parekideko konpainia bat, San Juan plazan
Emakundeko ordezkariek biharko Alarde Parekidea babestuko dute bertan egonaz, eta aldi berean, Irungo alkate Jose Antonio Santanori eskatu diote alarde horri harrera egin diezaiola, “hori berdintasunaren aldeko urratsa izango litzateke, eta aldi berean Irungo biztanlearen gehiengoak era positiboan baloratuko lukeen keinua izango litzateke. Gizartea gero eta sentsibilizatuago dago pertsonen berdintasunaren alde”.
Emakunderen partetik Izaskun Landaida zuzendaria eta Ana Alberdi idazkari nagusia izango dira bihar Irunen Alarde Parekidea babesten, “jarduera publikoa, jai girokoa, herrikoia eta parte hartzailea. Horregatik emakumeek eta gizonek berdintasunean bizi dezaten laguntza eman nahi dugu. Berdintasun kontua dago Irungo alardearen gaian, hortaz, erakundeek bermatu behar dute horretan emakumeek ere parte har dezaten sor daitezkeen oztopoak kentzea”.
Emakundek uste du tradizioak herrien kohesiorako tresna direla, “baina testuinguru jakin batean sortu ziren tradizio horiek, eta garai berrietara egokitu behar dira. Horrek ez du suposatzen tradizioen kontra joatea. Baina festek ez dute haustura soziala erakundetu nahiz normaldu, eta horretarako bideak elkarrizketa, akordioa eta elkarlana dira”.