Sanmartzialetan murgilduta dira irundarrak. Oraindik bost egun dituzte aurretik hamaika ekimenez gozatzeko.
San Juan sua Urdanibia plazan
Jai giroan murgilduta jarraitzen dute irundarrek, eta oraindik ere, bost egun luze dituzte hamaika ekitaldiz gozatzen jarraitzeko. Gaur bertan eta egitarau ofizialetik kanpo Zarimutzak egingo dituzte, gazte talde batek antolatuta. 12:00etan hasita egun osoan zehar giro bikaina izango da Irungo kaleetan barrena. “Gazteei begira egitarau ofizialak ez zuela aukera handirik eskaintzen-eta” hasi ziren gazteak Zarimutzak antolatzen.
Haurrek ere izango dute non gozatu. Antzaran plazan haurrentzako atrakzioak izango dira egun osoan zehar eta 18:00etan, berriz, Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoek Kolore lana antzeztuko dute Urdanibia plazan. Errepresaliatuak izango dituzte gogoan, bestalde, gaur azken ostiralarekin batera. Horren harira elkarretaratzera deitu du presoen aldeko mugimenduak Zabaltza plazan. Kemen dantza taldeak emanaldia eskainiko du 22:00etan Euskal Jai pilotalekuan.
Olinpiadetako finalak
Bihar kuadrillak izango dira nagusi. Hamaiketakoarekin indarrak hartuta 11:00etan hasiko dira kuadrillen arteko olinpiadetako finalak Urdanibia plazan, Peña poteo txarangak eta Dinbi Danba batukadak girotuta. Ficoban herri bazkaria egingo dute ondoren. Horiek guztiak Betti Gottik antolatu ditu.
Kirolak ere izango du tartea biharko jaietako egitarauan. Real Union taldearen mendeurrena ospatzeko ekitaldien barruan, beteranoen arteko futbol partida antolatu dute Gal futbol zelaian Real Union, Reala eta Athleticen artekoa.
Alardeak
Asteartea, San Martzial, izango da irundarrentzat jaietako egunik luzeena, iazkoa bukatu zenetik zain egon direna. Txilibitu eta danbor doinuak nagusi izango dira Irunen goizetik gaueraino, aurten ere, bi desfiletan banatuta. Alarde Tradizionala abiatuko da aurrena; Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak 07:40an eta 18:30ean finkatu dizkie irteera ordutegiak (informazio gehiago alardeirun.com-en)
Alarde Parekidearen goizeko arrankada 10:20an izango da (gehiago jakiteko: alardepublico.org). Irungo kaleetan barrena desfilatu eta deskarga eginda Moskura itzuliko dira. Presoen aldeko topa eta deskarga egingo dute bertan. Arratsaldean Ama Xantalen kaletik abiatuko da Alarde Parekidea, 17:30ean.
Baserritar Eguna
Baserritar Egunarekin amaituko dira sanmartzialak, asteazkenean. Ganadu lehiaketa, bertsolariak eta trikitilariak izango dira nagusi Moskun. Bidasoko XXV. Dantza Solte txapelketa ere antolatu dute azken egunerako, Meakako Adixkideak Dantza Taldearen eskutik. Ondoren, herri erromeria izango da.
Inma Landa, Alarde Parekideko jenerala
Inma Landa, Alarde Parekideko jenerala: «Gazteek ez dute espaloietan gelditzeko inongo asmorik»
Alarde Parekideko jeneral gisa bigarren urtea izango duzu. Aurretik hamarkada pasa egin duzu alardean parte hartzen. Aldaketa handia izan da?
Aldaketa handia izan da, noski, batez ere ardurengatik. Bilerak eta entseguak pilatu zaizkit eta gainera, ikasturte bukaerak eskolan eta alardearen prestaketak bat egin dute.
Eta parte hartu zenuen lehenengo alardetik hona, aldaketa handia sumatu duzu gizarte mailan?
Kalean izugarria izan da aldaketa. Lehenengo urteak tentsio handikoak izan ziren eta urteak pasa ahala lasaitzen joan da. Joan den urtean, nire lehen urtean jeneral gisa, nahiko egun lasaia izan genuen, Kale Nagusian ez genuen inongo arazorik izan. Lehenengo aldiz, beraz, alardea ongi bukatzeko aukera izan genuen iaz, hogei urteren ostean. Guretzat horrek asko suposatu du. Irribarrez, pozik, saltoka zihoan jendea iaz… Alaitasun eztanda izan zen.
Jendartean aldaketa handia sumatu dela esan duzu. Jose Antonio Santano alkateak, oraindik ere Alarde Parekideari harrerarik egin gabe jarraitzen du. Zein da zuen balorazioa?
Bere erabakia da eta guk horretan ezin dugu ezer egin. Garbi dagoena da gu garela alarde publikoa eta suposatzen da gu garela udalak defendatu behar duen alardea. Bestea pribatizatu den alardea da, kopuruz askoz ere handiagoa da, ezin da ukatu, baina publikoa gu gara, eta legeak eta estamentu guztiek babesten gaituzte.
Zenbat lagunek parte hartuko duzue Alarde Parekidean aurten?
1.300 inguru izango gara. Joan den urtean Santiago konpainiagehitu zitzaigun, eta poliki-poliki bidea egiten ari gara.
Eta zein da zuretzat alardearen unerik hunkigarriena?
Niretzako zalantzarik gabe momenturik hunkigarriena arrankada izan da urteetan. Arrankadan nik ez dut parte hartzen orain. Partaideak San Juan plazara igotzen dira, eta bertan denak bilduta daudenean, orduan ni sartzen naiz. Galdu dut arrankadarena baina irabazi dut San Juan plazarako sarrera polit hori. Une honetan, sarrera hori bihurtu da niretzako une hunkigarriena.
Aipatu izan duzu hogei urte hauetan politikoek ez dutela bilakaerarik. Zein giro sumatzen da gaur egun kalean?
Nik uste dut gizartea alde batetik doala eta politikoak bestetik. Kalean sumatzen den giroa ez da udalean islatzen dena. Zoritxarrez bi alarde ditugu. Momentu honetan bakoitzak bizi dezala festa berak nahi duen bezala. Entseguetan eta aurreko egunetan kalean ez dago arazorik gaur egun, jendeak geroz eta errespetu handiagoz bizi du jaia eta lehen zeuden arazoak ez dira sumatzen kalean. Denak gara irundarrak eta denok ditugu familiak nahastuta alarde batean zein bestean. Jendeak festa elkarrekin pasa behar du, alardea kenduta. Gizarteak eskaintzen duen errespetua ez da islatzen politikariengan.
Nola irudikatzen duzu alardea hemendik hamar urtera? Alarde bakarra izateko aukerarik ikusten al duzu?
Ez nintzateke ausartuko esaten. Nik uste dut baditugula urte batzuk, gauzak oso mantso doaz, baina argi dagoena da erabakia edo irtenbidea ez dela gurea, hemen politikoen aldetik mugimenduren bat izan behar duela, arazoak mahai gainean jarri eta eztabaidatzen hasi behar dute. Garbi dagoena da atzera ez dugula egingo. Alarde Parekidean hasita dauden neska eta gazte guztiek ez dute espaloietan gelditzeko inongo asmorik, festa barrutik bizitzen dute, eskubidea dugu, eta horretan jarraituko dugu.
Eskaeraren bat San Martzial Egunari begira?
Iaz erakutsi edo eskatu zitzaien errespetua izatea eskatuko nuke. Ertzaintzaren esku hartzea nahikoa zuzena izan zen, kamarak jarri zituzten, diputazioko eta Emakundeko politikariak kalean izan ziren, eta horrek asko baretu zuen giroa. Alarde Tradizionalak ere idatzia banatu zuen iaz lasaitasuna eskatuz.