Irungo hogei eragilek babestuta, manifestazioa egingo dute larunbatean Hazia libre eta bizirik lelopean.

Cariñena eta Llorente
“Auzoaren eta hiriaren taupada den Hazia” itxi nahi dutela salatu dute gaur eguerdian hainbat lagunek. Hazia herriko tabernaren kanpoaldean egin dute agerraldia eta Oihana Llorente batzordeko kideak eta Josu Cariñena Haziako tabernariak eskubide zibil eta politikoen aurkako eraso larria dela 35/02 auziaren sententzia esan dute, “elkartasunetik konpromisora igarotzeko tamainako erasoa”. Horren harira, eta Irungo hogei eragilek babestuta, manifestazioa egingo dute larunbatean
Hazia libre eta bizirik lelopean. 12:00etan abiatuko da manifestazio hori Hazia herriko tabernatik.
Ezkertiar eta abertzaleen erreferente
Hazia Libre idatzita zuten zapiekin egin dute agerraldia eta manifestazio deialdia egietaz gain Irungo herriko tabernaren historiari ere gein diote tartea. 1992ko uztailaren 26an zabaldu zituen ateak Haziak, eta ordutik 23 urte luzeetan zehar Irungo ezkertiar eta abertzaleen erreferente eta topagune bihurtu dela nabarmendu dute Llorente eta Cariñenak: “Auzolana eta lan militantea zutabe, belaunaldi ezberdinen arteko bilgunea da Hazia, eta noski, Irun feminista, euskaldun, ezkertiar, eta iraultzaile baten aldeko borroka luzearen testigu isila ere bada”.
Hazian bertan egindako ekimen kultural, sozial zein politikoak zenbaezinak direla ere esan dute hitza hartu duten bi kideek, “Olentzero eta Mari Domingiren ettorreratik hasi eta Korrika eta euskararen aldeko bazkari jendetsuetaraino”. Nazioarteko leiho ere bihurtu omen da 23 urte luze hauetan Hazia eta besteak beste, Palestina, Venezuela edota Kurdistandik heldutako lagunak izan direla bertan gaineratu du Llorentek, eta langileen eskubideei erreferentzia ere egin die Irundarrak, “langileen eskubideak ere gogotsu defendatu ditu Haziak, hamaika greba orokorreko bilgune izan da. Festa eta borroka uztartzen ere abilak izan dira 23 urte hauetan zehar bazkide izan diren irundarrak zein tabernara gerturatutakoak”.
102 herriko taberna
Espainiako Auzitegi Gorenak Espainiako Auzitegi Nazionalaren 35/02 auziko sententzia berea egin eta konfiskatzeko agindu duen Hego Euskal Herriko 102 herriko tabernetako bat da Hazia. Irungoarekin batera, Oarsoaldeko beste hiru herriko taberna Errenteria-Oreretako Landare, Pasaiako Trintxer, eta Oiartzungo Girizia konfiskatzeko ere agindu du eta ezker abertzaleko hogei kideri kartzela zigorra ezarri.
Manifestazio deialdia babestu duten eragileak:
- Kabigorri
- EKT
- Irungo Mendizaleak
- Motor Elkartea
- Irungo Atsegina
- Erlaiz
- Euskal Kirola
- Aduana
- Irungo Bilgune Feminista
- Irungo Errepublikarrak Nicolas Guerendiain
- Ikasle Abertzaleak
- Askapena
- Eusko Alkartasuna
- Aralar
- Sortu
- EH Bildu
- Lab
- Ernai
- Kemen Dantza Taldea
- Gazte Komunisten Kolektiboa