San Miguel Ligaren aurtengo ekitaldia indarrez hasiko du Hondarribiak. Larunbateko garaipena Pasaian, esanguratsua.
Hondarribia, Pasaiako Ikurrina eskuan larunbatean
Pasaian larunbatean erakutsitakoaren arabera, Hondarribia San Miguel Ligaren goialdean ibiltzeko hautagai sendoa da. Oso sendoa. Ligan aurrean ibiliko diren Orio eta Urdaibai, adibidez, ondo mendean hartu zituzten berdeek Pasaiako Ikurrinan. Hortaz, Malagako lehen estropadari (igandean da) bermearekin ekingo diote, aurredenboraldiko emaitza onek emandako bermearekin.
Izan ere, larunbatean, nagusi izan zen hasieratik Hondarribia. Bigarren txandan atera zen Ama Guadalupekoa Urdaibai, Orio eta San Juanekin batera. Binaka atera ziren traineruak, bi alde batera (Pasaiako badiaren kanpoalderantz) eta beste biak bestera (badia barrurantz). Hondarribiaren bikotea Urdaibai izan zen, eta biak ala biak bandera irabazteko hautagai nagusienak zirenez, lehiarik ikusgarriena izan zen berdeen eta urdinen artekoa. Eta Hondarribiak irabazi zituen bermeotarrak, eta denak, segundo alde konfidantzazkoarekin gainera.
Asteburuan hasiko da benetako lehia traineruen mailarik altuenean. Ondo posizionatua dago Hondarribia.
Pasaiako Banderaren sailkapena:
- Hondarribia, 19:37
- Urdaibai 19:44
- Orio 19:50
- San Juan 19:58
- Portugalete 20:11
- Zierbena 20:16
- San Pedro 20:26
- Astillero 20:27