Astearte arratsean aurkeztuko ditu Hondarribia Arraun Elkarteak 2015eko sasoian bogan izango dituen bi traineruak.

San Miguel Ligako eta KAE2 Ligako taldeak aurkeztuko dituzte astearte arratsean.
Hondarribia Arraun Elkarteak aurtengo sasoian lehian izango dituen bi traineruen plantillak aurkeztuko ditu. Ohikoa den bezala, San Joan Egunaren bezperan (hilaren 23an) egingo dute agerraldia, 20:00etatik aurrera, Benta Zaharreko plaza txikian. San Miguel Ligan eta KAE2 Ligan ariko diren taldeak aurkeztuko ditu herriko klubak.
Behin aurkezpena eginda, herriko haurrek eta hala nahi dutenek aukera izango dute arraunlariekin argazkiak ateratzeko. Zer jan eta edan ere egongo da: txahal saiheskia Gernikako piperrekin,, Ola sagardotegiko sagardoa edo San Miguel garagardoa dastatzeko aukera izango da.
Bapo jan ondoren, dantzariek San Joan bezperako dantza egingo dute. Arraun zaleak eta hondarribiarrak oro har gonbidatu ditu Hondarribia Arraun Elkarteak ekitaldira.