Oiasson, Irungo Erromatar Museoan, Gurs herriko kontzentrazio eremuaren gaineko erakusketa jarri dute.
![Oiassoko, AskatasunArteko eta udaleko ordezkariak, atzoko aurkezpenean.](http://bidasoa.hitza.eus/site/files/2015/06/gurs.erakusketa.jpg)
Oiassoko, AskatasunArteko eta udaleko ordezkariak, atzoko aurkezpenean.
Gaur (ostirala) inauguratuko dute Oiasso Erromatar Museoan, 19:00etan, Gurs-eko kontzentrazio eremuaren gaineko erakusketa. Hilaren 28ra arte izango da bertan. Frantziako Estatuko Biarnon dago Gurs herria; 1939an, 1936ko Gerrako iheslariak jasotzeko gunea eraikitzen hasi zen bertan Frantziako Gobernua, baina nazien esku erori, eta kontzentrazio eremu bihurtu zuten. 36 obra jasoko ditu mostrak, AskatasunArte elkartearen ekimenez.
Memoria historikoa lantzeko helburua du erakusketak, AskatasunArte elkarteko kideek adierazi dutenez, eta bertan Bigarren Mundu Gerra bitartean gertatutakoak azaltzen ditu artelanen bidez. Bertan, nazien eskutik 1.073 pertsona hikl egin zituzten, eta Gursen egondako beste 4.000 lagun beste kontzentrazio eremuetara eraman zituzten, horietan hiltzeko. Irundik ordu eta erdira dago Gurs herria.
Gaurko inaugurazio ekitaldian, EHUko Historia Garaikideko irakasle Josu Txuekak hitzaldia emango du, irundarrek Gursen izandako presentziaren berri emateko. Aldi berean, 1936ko Gerran Irundik alde egin behar izan zutenak ere izango ditu gogoan.
Atzo aurkeztu zuten erakusketa Oiasson, bertan zirela AskatasunArten elkarteko kide Natalia Cambronero, Oiassoko kudeatzaile Cristina Agirre, eta Jose Antonio Santano alkatea.