Iazko uztailean Espainiako Auzitegi Nazionalak landutako epaia berretsi egin du Gorenak: Hazia eta Euskal Herriko beste 102 herriko tabernan konfiskatuko dituzte. Bidasoko Hitza.

Hazia elkarteari babesa emateko elkarretaratzea, 2013ko abenduan
Gaur eman du Espainiako Auzitegi Gorenak Herriko tabernen auziaren gaineko ebazpena eman du, eta berretsi egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak iazko uztailean emandako sententzia: 103 herriko taberna konfiskatuko dira, tartean Irungo Hazia, eta hainbat laguni espetxe zigorra ezarriko diete, baina arinduta. Azken horien artean Rufi Etxeberria oiartzuarra dago: espetxe zigorra hiru urtetik, urtebete eta hamar hilabetera jaitsi dio Gorenak, hortaz, ez du espetxera joan beharko, besteak beste, aurretik gai horregatik betea zuelako denbora tarte hori espetxean. Haziaren aldeko elkarretaratzea gaurko 20:00etan egingo dute, San Juan plazan.
Alta, Gorenak berretsi duenez, Oiartzungo Girizia, Errenteria-Oreretako Landare, Irungo Hazia eta Trintxerpeko Trintxer konfiskatuko dituzte Oarso Bidasoan. San Pedroko Antxeta neurri horretatik salbu gelditu da.
Oarso Bidasoko lokalez gain, Euskal Herriko beste 99 lokal konfiskatuko dituzte. Eta espetxe zigorra berretsi baina arindu dietenen artean daude, Rufi Etxeberriaz aparte, Joseba Permach, Joseba Alvarez, Karmelo Landa eta Juan Kruz Aldasoro.
Iazko uztailaren 30ean eman zuen lehen epaia Espainiako Auzitegi Nazionalak. Horren arabera, 103 lokalak konfiskatzeaz gain, gaur zigorra berretsi dieten bostei zein beste hainbat laguni ezarri zitzaien espetxe zigorra, tartean Idoia Arbelaitz oreretarrari; urtebete eta hiru hilabeteko zigorra ezarri zioten orduan.
Mobilizazioak
Albistea jakin bezain pronto, jada hasi dira Oarso Bidasoan mobilizazioak antolatzen, Gorenaren epaiari erantzuteko. Trintxerpeko Trintxer elkartearen atarian elkarretaratzea egingo dute gaur bertan, 19:00etan.