Hunkigarria izan da Txomin Sagarzazu Anzisar alkate izendatzeko gaur goizean udaletxean egin den osoko bilkura. Alkate berria, eta hamar aurpegi berri izango dira hurrengo lau urteetan Hondarribiko korporazioan.
Sagarzazu, hiriko aginte makilarekin
Ezustekorik ez zen espero, gehiengo osoz irabazi baitzituen EAJk udal hauteskundeak Hondarribian. Hala ere, hunkigarria izan da Txomin Sagarzazu Anzisar alkate izendatzeko gaur goizean udaletxean egin den osoko bilkura.
Alkate berria, eta hamar aurpegi berri korporazioan. Ez zen gutxiagorako eta goraino bete da udaletxeko areto nagusia. 11:00etan hasi da plenoa eta laurden gutxirako hautetsien senitarteko eta lagunek aulki guztiak hartuak zituzten. Gehiago atera behar izan dituzte, baina asko izan dira ekitaldia pasilotik jarraitu behar izan duten herritarrak.
Jeltzaletik jeltzalera, Aitor Kerejetaren eskutik jaso du aginte makila Sagarzazuk. Besarkada luze batean elkartu dira biak eta alkate berriak eskerroneko hitzak izan ditu diskurtosan bere aurrekoarentzat. Kerejeta “guztiekin pertsona irekia” izan dela nabarmendu du alkateak, eta haren konpromisoa goraipatu du.
Kerejetak eskertu egin ditu Sagarzazuren hitzak eta bere ordezkoa zoriondu du, baina ekitaldiaren amaieran hauxe esan dio HITZAri brometan: “Norbait bada hemen zoriondu behar dutena, ni naiz, uzten dudalako”. Izan ere, gaur hasi da lau urteko agintaldia Hondarribiko udalean kargua onartu duten hamazazpi zinegotzientzat, eta lan handia izango dute egiteko. Gobernutik batzuek, oposiziotik besteek, ardura handiko epeari hartu beharko diote aurre.
Hondarribiko Korporazio berria, udaletxeko eskaileretan