Tomas Elgorriagaren askatasuna alemanez eskatzen duen pankartaren atzean argazkia egin dute ostiraleroko preso eta iheslarien aldeko elkarretaratzean, Friburgoko elkartasun taldeei helarazteko.
Elgorriagaren alde busti ziren bere herrikideak (arg: Andoni Canellada/Argazki Press)
Iazko azarotik Alemaniako Mannheim herrian preso dagoen Tomas Elgorriaga Kunze hondarribiarraren aldeko ekitaldi berezia egin zuten atzo San Pedro kalean, ostiraleroko preso eta iheslarien aldeko elkarretaratzearen amaieran. Elgorriagaren askatasuna eskatzeko eta haren alde Friburgon egiten ari diren mobilizazioekin bat eginez, alemanez idatzitako pankarta zabaldu zuten, eta bildutakoek argazkia atera zuten pankartaren atzean, Alemaniako elkartasun taldeei bidaltzeko.
Argazkiaren ondoren, Alfonso Sastrek Elgorriagaren omenez idatzitako olerki bat irakurri zuen idazlearen semeak. Txalo artean eta Elgorriagaren aldeko oihuekin bukatu zen ekitaldia.
Eguraldiak ez zuen argazkia zapuztu (arg: Andoni Canellada/Argazki Press)
Alemaniako poliziak iazko urriaren 31n atxilotu zuen Elgorriaga Mannheim herrian, Hesse eskualdean. Azken hamarkadan Friburgon bizi izan da hondarribiarra, bertan ikasketak burutu eta lan egin duelarik. Elgorriagaren atxiloketaren ondoren elkartasun taldeak sortu dira Friburgon, eta azken asteotan mobilizazio ugari burutu dituzte kalean nahiz unibertsitatean, hala nola, elkarretaratzeak, hitzaldiak, eta abar.
Datozen asteetarako hitzaldia antolatzen ari dira Hondarribiko Olagarro elkartean. Presoaren egoera zein den azaltzeaz gain, Alemanian egiten ari diren mobilizazioen berri eman nahi dute.
15 urte Euskal Herritik urrun
Mannheimen atxilotu zutenean, bilatzeko eta atxilotzeko agindua emana zegoen Elgorriagaren kontra, Espainian nahiz Frantzian, “banda armatuko kide izatea eta agiriak faltsutzean kolaboratzaile izatea egotzita”. Frantziako Justiziak bitan zigortu du Elgorriaga auzi-ihesean. 2003. urtean lau urteko espetxe zigorra ezarri zioten eta lurralde frantziarrean egotea debekatu. 2006an ere auzipetu zuten. Atxiloketaren unean Hesseko poliziak jakinarazi zuen hondarribiarra Frantziara estraditatuko zutela, han ezarrita duen zigorra bete dezan.
2000 urtetik ihes eginda zegoen. Bi urte lehenago atxilotu zuten Elgorriaga, 1998 urtean. Torturak eta tratu txarrak jaso zituela salatu zuen hondarribiarrak, baina epaitegiek ez zuten bere salaketa aztertu nahi izan. Urte eta erdi preso eman zuen Espainiako estatuan, baldintzapeko askatasuna jaso zuen arte. Ordutik, Euskal Herritik kanpora bizi izan da Tomas Elgorriaga, joan den azaroan Alemaniako poliziak preso hartu zuen arte.