Friburgon elkartasun kanpaina abiatu dute Tomas Elgorriaga hondarribiarraren alde. Ostiraleko elkarretaratzean argazkia aterako dute Alemaniara bidaltzeko.
Ostiralean Tomas Elgorriaga preso politikoaren aldeko elkarretaratze berezia egingo dute San Pedro kalean. Alemanian hondarribiarraren alde egiten ari diren elkartasun ekintzak eskertzeko, alemanez idatzitako pankarta bat zabalduko dute eta argazkiak egingo dituzte, “Friburgoko elkartasun taldeei bidaltzeko”. Horregatik, presoaren Hondarribiko lagunek “dei berezia” egin dute, “ostiralean argazki potente bat egin ahal izateko”.
Elgorriagaren aldeko elkarretaratze bat, Friburgon
Alemanian elkartasun kanpaina handia abiatu dute Elgorriagaren alde, Friburgo hirian bereziki. Tomas Etxera taldeak jakinarazi duenez, hainbat hitzaldi eta kontzentrazio egin dituzte eta atxilotu zutenean hondarribiarra lanean ari zen unibertsitatean ere mobilizatzekoak dira. Tomas Elgorriaga “Frantziara estraditatzeko arriskua geroz eta handiagoa” dela uste dute, eta horregatik hasi dira mobilizatzen.
24an, hitzaldia
Hilaren 24rako, asteazkenerako, hitzaldi bat egingo dute Elgorriagaren egoera azaltzeko. Olagarro elkartean izango da, 19:30ean. “Tomasen egoera azaltzeko abokatu bat etorriko da, eta Alemanian dagoen Euskal Herriarekiko Elkartasuna eta Tomasen alde egiten ari diren ekitaldien berri emateko gure artean bizi den alemaniar bat izango dugu”, aurreratu dute.
Hitzaldia eta gero Alemaniako garagardoak eta janaria dastatzeko aukera izango dela erantsi du Tomas Etxera elkartasun taldeak.