Josue Susperregik emango du hitzaldia. 2002an azaldu zen barkua eta hamar urte geroago euskal haritzekin eraikia zegoela deskubritu zuen Arkeolanek. Ontzigintzaren ikerketan erreferente izan da.
Newporteko barkua (arg: Arkeolan)
Hondarribiko Ondarearen Aldeko Elkarteak (Hondae) Galesko Newport hirian 2002an azaldutako Erdi Aroko 30 metroko itsas ontziari buruzko hitzaldia antolatu du ostegunerako Kultur Etxean (Denda kalea, 18). Josue Susperregi historialariak emango du hitzaldia, 19:00etan, gaztelaniaz. Hitzaldiaren izenburua honakoa da:
Resolviendo el enigma del barco de Newport desde el Bidasoa.
2002an aurkitu zuten barku hori Newporten, hiriko portu zaharrean lan batzuk egiten ari zirela. Ikerketa abiatu zuten berehala eta ontzia XV. mendekoa zela deskubritu zuten azkar. Nondik iritsi zen asmatzeko, aldiz, denbora gehiago behar izan zuten, hamar urte. Arkeolanek hango ikerlariekin elkarlanean aritu zen eta egurraren eraztunak aztertzen dituen dendrokrologia laborategian deskubritu zuten barkua Euskal Herriko basoetako haritzekin eraikia zegoela.
Urte askoan Britainia Handiko arkeologia ikerketarik handienetako izan da, eta Europako ontzigintzaren ikerketan erreferente bilakatu zen. Ikerlari asko aritu dira lanean Newporteko misterioa argitu nahian. Ostegun honetan, Bidasotik egindako ekarpenaren berri izango dugu Kultur Etxean, Josue Susperregiren bitartez.