Juanma Garateren omenezko zikloturista martxa hilaren 14an egingo dute. 130 kilometroko bidea izango du, Nafarroatik gehienak.
Iazko martxan, tropel nagusia
Berritasunekin dator
Juanma Garate VI. Zikloturista Martxa. Lehena, datarena da: aurreko edizioekin alderatuz, aurreratu egin da klasikoa, eta aurten hilaren 14an izango da. Irunen egingo den Bizikleta Festaren barruko ekitaldia izango da; hilaren 13 eta 14n kokatu dute hiria eta bizikleta lortuko dituen bi eguneko jarduera. 130 kilometroko bidea izango du martxak.
Aldez aurretik eman behar da izena martxan. Zikloturista federatuek 23 euro ordaindu behar dituzte, ez federatuek, berriz, 30. Data hilaren 14a izatearen arrazoia izan da, iaz izan ziren trafiko mailako arazoak ekiditea, eta aldi berean, astebete beranduago egingo de Quebrantahuesos probaren prestaketarako baliagarri izatea.
Ibilbidea
Ibilbideari garrantzia berezia eman diote
Irungo Txirrindulari Elkarteko antolatzaileek. Hilaren 14ko 08:00etan aterako dira probarekin bat egiten dutenak San Juan plazatik, eta bidearen lehen zatia N121 errepidetik egingo dute Donezteberaino iritsi arte. Handik aurrera hasiko dira zailtasunak, Ituren eta Zubieta pasatu ondoren Ezkurrako gaina igo beharko delako. Handik jaitsi, Labaien-Urrotz-Doneztebe bidea egin, eta azken 50 kilometroei ekingo diete parte hartzaileek.
Izan ere, latzak dira azken kilometro horiek, bertan hiru mendate ezagun igo beharko dituztelako txirrundulariek, Irunen bukatu aurretik: Agiña, Aritxulegi eta Ingelesaren Gaztelua. “Juanmaren gustuko den bidea antolatzen saiatu gara, bera gustura dagoen bidea, eta aldi berean, ibilbidean pizgarriak izatea nahi genuen”, esan dute antolatzaileek.