Hondarribia Arraun Elkarteak irabazi du Mutrikuko XVI. Bandera, San Pedroren eta Getariaren aurretik. Hogei egun geratzen dira San Miguel Liga hasteko eta Ama Guadalupekoa ari da finkatutako helburuak betetzen.
Denboraldiko helburuak betetzen ari da Hondarribia
Gutxi falta da traineru txapelketa nagusiei hasiera emateko. San Miguel Liga hilaren 28an hasiko da Malagan, eta astebete lehenago, 20an, TKE liga abiatuko dute Zarautzen. Baina horrek ez du esan nahi ordura arte banderarik ez dagoenik jokoan, eta esaterako, igandean Mutrikuko XVI. Estropada izan zen jokoan.
Hamalau traineru lehiatu ziren Mutrikuko uretan, horien artean Hondarribiko Ama Guadalupekoa, eta Oarsoaldeko hiru ontzi,
Hibaika,
Sanpedrotarra, eta
Pasai Donibane Koxtape. Denboraldiko aurkari nagusienen hutsunea aprobetxatu eta erraz nagusitu zen
Hondarribia, baina alde handirik atera gabe. Bigarren San Pedroko Libia sartu zen, 9 segundora, eta 24ra hirugarrena eta laugarrena, Getaria eta Isuntza (
sailkapena).
Sanjuandarren trainerua bosgarren tokian iritsi zen, berdeengandik 28 segundora, baina kontuan izan behar da ontziko ohiko arraunlari batzuk asteburuan Santanderren egin den Espainiako Trainerila Txapelketan lehiatu direla. Hibaika, bere aldetik, 11. tokian sailkatu zen.
Nesketan, Oriok
Nesken estropada ere egin zuten Mutrikun, Gipuzkoako Ligako lehen proba. Oriok irabazi zuen estropada eta palmaresa estreinatu zuten, Mutrikuko emakumeen I. Bandera izan baitzuten jokoan. Atzetik Hibaika helmugaratu zen, 11 segundora, eta Zarautz-Getaria minutu erdira hirugarren.
Oiartzungo Itsaslapurrak lehen aldiz aritu ziren
Oarsoaldeko bigarren traineru bat uretaratu zen Mutrikun, Oiartzungo Itsaslapurrak. Irabazlearengandik oso urruti geratu ziren, baina parte hartu izana da albistea, duela hilabete gutxi sortu baitzuten arraun kluba.
Arraun talde indartsuenetako bik, Zumaiak eta Koxtape-San Juanek, ez zuten parte hartu Mutrikuko estropadan, Santanderren izan direlako. Koxtapek irabazi zuen, gainera, txapelketa Santanderren, Zumaiaren eta Chapelaren aurretik. Sanjuandarrek 69 ehuneneko tartea atera zioten zumaiarrei.