Pausoka ekoiztetxea Euskal Telebistarentzat egiten ari den Aitaren Etxea telesailaren eszenatoki nagusietako bat da Hondarribia. Bi gaztetxoren maitasun istorio bat kontatzen du telesail berriak.
«Aze beldurra», adierazi du hondarribiar batek Kale Nagusitik gora zihoala. Espainiako banderak nonahi daude, Franco goraipatzen dutenak ere bai. Telesail bateko dekoratu bihurtu dute Hondarribiko hirigune historikoa, baina ez da beldurrezko telesail bat izango, amodio istorio zail eta ezinezko bat kontatuko du telesailak: Aitaren Etxea. Pausokak Euskal Telebistarentzat egingo du.
Helize hegazkin batek grabaketa eten egin du, motor bat pasatu da, ondoko kalean lanak egiten dabiltza… «moztuuu!». Telesailaren lehen kapituluetako sekuentziak grabatzen ibili ziren herenegun. Francoren bisitarekin hasten da. Hurrengo egunean meza dago eta meza ondoren bi gaztetxo eliza atzera joaten dira zigarrotxo bat erretzera, ezkutuan.
Hori guztia ikusten Gurutzeko Alabak eskolako haurrak. «Zenbat aldiz egin behar dute gauza bera?», galdetu du neskato batek; «zuek zenbat aldiz entseatu zenuten antzerkia prestatzeko?», irakasleak; «ba… asko», erantzun dio haur batek.
Figuranteak, errodajean sartzeko ia prest
Ikasleak jakin-minez daude, egunerokoan ez dute horrelakorik ikusteko aukerarik eta dena jakin nahi dute. «Zuen ustez zer ari dira grabatzen?», galdetu die irakasleak. «Ezkontza bat», erantzun dio mutiko batek. «Ez dut uste…», irakasleak. «Noiz erabiltzen zituzten jantzi horiek?», galdetu du beste batek. Irakasleak argitu du Francoren diktadura garaian kokatua dagoela.
Hain justu, 1950eko hamarkadan kokatua dago Javi Elortegik zuzentzen duen Aitaren Etxea. Zelaia familiarentzat garai gogorra izan zen, beste asko eta askorentzat bezala. Hotel bikain baten jabe dira, baina gerra bukatuta, turismoak behera egin eta une zailak biziko dituzte horren ondorioz. Bestaldean Luis Egaña dago, herriko fabrikako bazkidea eta horrez gain, alkatea. Ezerk ez dio ihes egingo bere aginte makilari. Edo bai. Izan ere, ezusteko gertaera batek bi familien bizimodua astinduko du. Irene Egaña eta Martin Zelaia gazteak maitemindu egingo dira eta edozer gauza egiteko prest egongo dira euren harremanak aurrera egin dezan.
Espainiako banderak nonahi daude Kale Nagusian.
Luis Egañaren buruhauste bakarra ez da hori izango. Francoren diktaduraren aurkako lehen mugimenduak 1950eko hamarkadan sortu ziren eta Luisen fabrikako langile talde bat, bi Zelaiatar tartean, boterearen aurkako ekintzak antolatzeko prest azalduko da.
Ander Azurmendik Martin Zelaiaren papera egingo du. Bera hotelean bizi da bere gurasoekin eta izeba-osabekin. Mutil jator, alai eta herrikoi bezala deskribatu du Azurmendik: «Bizitza normala egiten du, talaiara joatea asko gustatzen zaio. Irene ezagutuko du eta bizitza aldatuko zaio». Gustura dabil aktore gaztea telesailarekin, grabazioa bukatu baino lehen ikusteko gogoarekin dabil dagoeneko. «Kanpoan grabatzeak zailtasunak ditu, platoarekin ez du zerikusirik, askoz ere motelagoa da, baina ikusleentzat askoz politagoa izango da», kontatu du. «Inpresioa eman didan gauzetako bat tonua da, zahar tono batean ikusiko dute ikus-entzuleek telesaila. Oso polita geratzen da».
Azurmendirekin batera beste hamaika aktorek parte hartuko dute telesailean; besteak beste, Nagore Aranburu (Loreak, La herida), Kandido Uranga (Vacas, Eutsi!, Arriya, Goenkale, Balbemendi), Anartz Zuazua (Celda 211, La herida, Rage), Iñaki Beraetxe (8 apellidos vascos, Mugaldekoak, Goenkale), Felix Arkarazo (Santuario, Zorion perfektua, Goenkale) eta Loreto Mauleon (El Secreto de Puente Viejo, La máquina de pintar nubes, Goenkale).
Grabazioak kokapen naturaletan egingo dituzte.
Aitor Mazok ere protagonistetako bat izan behar zuen; «gurekin egon behar zuen, baina geratu ginen egunean ez zen ailegatu», gogoratu du Jabi Elortegik.
Aitaren Etxea-k ETBko historian aztarna utzi nahi du Elortegiren hitzetan, «Goenkalek egin duen bezala». Hamabost kapitulu grabatuko dituzte, hogei lokalizazio baino gehiagotan. Udazkenean estreinatuko da.
Jabi Elortegi, Aitaren Etxea telesaileko zuzendaria:
«Dekoratu naturalak sinesgarritasuna ematen dio istorioari»
Ikus-entzuleek zerekin egingo dute topo?
Telesail berri batekin eta garai batean kokatutako istorio batekin: bi gaztetxoren arteko maitasun istorioa.
Zergatik kontatu nahi duzue istorio hau?
Epokako zerbait egitea nahi izan zen, 1955. urte inguruan kokatua. Hori erabaki zen egitea eta gu idazten hasi ginen.
Prozesua nolakoa izan da?
Lehenengo dekoratu batzuk bilatu behar izan dira, garaiko dekoratuak. Gero arlo guztietan dokumentatu behar zara, arteko zuzendariak begiratu behar du zer dagoen eta zer ez, hitz egiteko era ere zein den, nola hitz egin dezakegun, jantziak, ile-apainketa…
Hondarribiak baldintza horiek betetzen ditu.
Bai, nik herri bat nahi nuen. Guretzat errazena mendira joan eta han grabatzea izango litzateke, baina ez genuen herriko istorio bat egin nahi, pixka bat urbanoagoa izatea nahi genuen. Herriak bilatzen hasi ginen eta nik Hondarribia banuen buruan. Udalekoekin hizketan hasi ginen eta eskuzabal zeudela ikusi genuen. Gure istorioan eliza bat dugu, udaletxe bat, hotel bat, alkatearen etxea, janari denda… Horietako batzuk Hondarribian kokatu ditugu. Hondarribiak kale asko ditu gurutzatzen direnak, balkoi asko ditu eta eskatu genuen mesedez gauza garaikideak ez erakusteko, baina zaila da dena kontrolatzea. Gaur egungo telesail bat balitz, figurante bat edonola atera daiteke, baina garai batean kokatua baldin bada denak ez du balio. Betaurrekoek, sandaliek, tatuajeek, piercingek… ez dute balio.
Gazapoak erraz topatuko ditugu, beraz.
Egongo dira, bai, seguruenik [barreak]. Felixek [Linares] izango du lana eta guretzat publizitatea izango da!
Hondarribiko jendeak ere parte hartuko du grabazioetan, ezta?
Bai, figurante bezala aterako dira. Casting-a egin genuen hondarribiarren artean.
Dekoratu naturaletan grabatzea erabaki duzue, zergatik?
Sinesgarritasuna ematen dio. Egia da, baina, zailtasunak dituela dekoratu naturaletan grabatzeak. Gauza asko daude garai hartakoak dekoratu batekin kontatu ezin direnak. Adibidez, amodiozko istorio bat ezkutuan mantentzen zuten, toki gordeetan, eliza atzean eta. Dekoratu batzuetan hori guztia ezin da kontatu. Neska ezin da mutilaren hotelera joan, mutila ezin da neskaren etxera joan… orduan guretzat dekoratu naturalak istorio hau kontatzeko ezinbestekoak ziren.
Zer moduz doaz grabaketak?
Oso ondo, oso pozik gaude. Lehenengo astea gogorra izan zen euritan egon ginelako eta horren beldur ginen, baina ondo doa dena.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.