Igande arratsaldean kontzertua emango du Jabier Muguruza irundarrak Hondarribiko Itsas Etxean, Mikel Azpirozekin. Beste hogei diskoarekin hasitako birako 33. kontzertua izango da, berezia Muguruzarentzat. "Gainera, oso piano ederra jarriko digute", aurreratu du.
Hemendik hara eman du astea Jabier Muguruza musikariak. 2013ko azaroan
Beste hogei diskoa kaleratu zuen, eta nonbait, arrakasta handia izan du, oraindik ez baititu aurkezpenak amaitu. Asteartean tarte bat atera zuen Oarso Bidasoko HITZArekin hitz egiteko, diskoaz, biraz, eta igande arratsaldean Hondarribiko Itsas Etxean emango duen kontzertuaz. Gaur Tenerifen da jotzekoa.
Oker ez banaiz, Beste hogei birako 32. emanaldia izango da Tenerifekoa. Ondo ez?
Bai, ez dakit kopuru zehatza, baina hortik ibiliko gara. Jaitsiera pixka bat izan dugu aurreko diskoarekiko, baina kulturarako garai zailak dira hauek, oso zailak, eta ez dut uste, inondik inora, gureak kexatzeko moduko zenbakiak direnik.
Denak formatu berean izan al dira? Hondarribikoa ere?
Gehienak bai, baina salbuespen batzuk ere egon dira. Esaterako, pasa den martxoan Kataluniako Barnasants Jaialdian kontzertu berezi bat eman genuen, grabatua izan zena, gero disko moduan kaleratzeko. Emanaldian zehar, urte guzti hauetako geure errepertorioari errepasoa egin genion, hainbat kantari katalanek lagundurik. Ederra izan zen, hunkigarria. Gehienetan, hala ere, horrelaxe joan gara, bai: Mikel Azpiroz, pianoa, eta ni neu, ahotsa eta akordeoian.
Igandean abestuko duzu Itsas Etxean. Ez zara urruti bizi, baina gutxitan izan zara Hondarribian abesten. Zergatik?
Egia da urte dezente pasa direla Hondarribian abestu gabe, baina tira, aurten gonbidatu egin naute, eta ni pozik. Pozik eta eskertuta. Gainera, oso piano ederra jarriko digute, jakin ahal izan dudanez…
Itsas Etxetik ehun metrora bizi izan zinen. Pentsatzen dut kontzertu polita izango dela zuretzat.
Bizi, oso denbora gutxi, baina klaseak eman… nik uste hamar bat urte bai egin nituela Santiago kalean eskusoinua irakasten, hasieran Maite Aseginolazarekin batera, eta gero bakarrik. Aspaldiko kontuak dira, baina oroitzapen ederrak gordetzen ditut garai haietakoak. Neska-mutil oso jatorrak etortzen ziren gurera, eta gehienek asko ikasten zuten, gainera. Horrez gain, beti izan ditut kolaborazio puntualak hiri horrekin: Olinpiadetako himnoa
Bixargorri-rekin batera [Jexux Mari Mendizabal], Sagarzazuren omenaldia, Alegriaren pelikula… Bai, bai, pentsatzen jarrita, Hondarribia hiri berezia da niretzat, eta kontzertua ere berezia izango da, dudarik gabe.
Eta udarako? Zer moduz duzu agenda?
Orain, zuzenekoekin bukatutakoan, lehen gauza izango da Barnasants Jaialdiko grabaketa argitaratzea, Kataluniako Picap diskoetxearekin, eta gero, buru-belarri sartuko gara disko berriarekin (estudioko diskoa), udazken partean kaleratzeko asmoa baitugu lan berri hori.
Bestela, zer moduz dabil beste Jabier Muguruza, idazlea? Iaz Hilen logika ezkutua argitaratu zenuen, denbora luzez ezer publikatu gabe egon eta gero. Ari al zara zerbaitekin?
Urte asko eman nituen helduentzako ezer publikatu gabe, bai, baina testu batzuk pilatzen joan ziren eta iaz kaleratzera animatu. Gustura geratu nintzen eta argitaletxea ere gustura omen dago. Iritziak ere oso baikorrak jaso ditut. Eta bestela… oraintxe, Erlea aldizkarirako testu bat prestatzen nabil, baina datozen hilabeteetan musikak izango du lehentasun osoa.