Urteko bigarren ATP Challenger txapelketa irabazi du Iñigo Cervantes tenista hondarribiarrak Vicenzan (Italia). Finalean John Millman australiarra gainditu du.
Cervantes, Vicenzako saria jasota
Iñigo Cervantes hondarribiarrak urteko bigarren ATP Challenger txapelketa irabazi du Vicenzan (Italia), eta urrats handia eman du ATP zerrendako lehen 100 jokalarien zerrendara hurbiltzeko —
orain 164 tokian dago, baina Vicenzako puntuak batu gabe daude—. Vicenzako finala John Millman australiarraren (ATP132) kontra jokatu zuen eta 6-4 eta 6-2 emaitzarekin irabazi zuen.
2015 urtean 34 garaipen lortu ditu hondarribiarrak, eta bi ATP Challenger txapelketa. Gainera, kontuan hartu behar da urtea ez zuela nahi bezala hasi; urtea 248. tokian hasi zuen eta martxoaren 9an 258.ean zegoen. Martxoan hasi zen Cervantes goranzko bidea. Hil horretan hiru txapelketa jokatu zituen —bi Egipton eta beste bat Israelen—, eta hiruna garaipen lortu zituen.
Bost astetan 22 garaipen
Urteko
lehen Challenger txapelketa maiatzaren 4an iritsi zitzaion, Ostravan (Txekiar Errepublika). Baina bi aste lehenago Mersinen (Turkia) sekulako leihakortasuna erakutsi zuen, sei partida irabazita, prebiatik finalerdietaraino. Bolada itzelean sartuta dago Iñigo Cervantes. Azken bost asteetan 22 garaipen lortu ditu, eta Vicenzan eta Ostravan irabazteaz gain Eskisehirren (Turkia) finalista izan da.