1950.eko hamarkadan girotuta, zati handiena Hondarribian errodatuko dute. 'Aitaren Etxea' telesail handia izango da, 'Goenkale' modukoa.
Lehen errodaje eguneko une bat, Kale Nagusian
Pausoka ekoiztetxeko kamerak Hondarribiko Alde Zaharrera itzuliko dira asteazken honetan, Euskal Telebistarentzat grabatzen ari diren
Aitaren Etxea telesaila errodatzen jarraitzeko. 08:00etatik 13:00etara Bretxan eta Fraxkueneko Murruan errodatuko dute, 13:00etatik 15:00etara San Nikolas kalean, eta 16:00etatik 19:00etara, Kale Nagusian.
1950.eko hamarkadan girotuta egongo da
Aitaren Etxea. Hotel baten jabe den familiaren kontakizuna egingo du, zailtasun ekonomikoak dituen familia batena. Amodiozko istorioak, langileen mugimenduaren ekintzak, eta abar azalduko dira telesailean. Udazkenean hasiko dira emititzen eta errodajea beste bi herritan ere egingo dute, Zestoan eta Legazpin, baina zatirik handiena Hondarribian, bertan baitago kontakizuneko hotela.
Eragozpenak trafikoan
Asteazkena, errodajearen hirugarren eguna izango da herrian. Goiz eta arratsaldez ariko dira lanean eta trafikoan eragozpenak eragingo ditu, 13:00etatik 19:00etara. Ordu horietan Murrua San Nikolas eta Nagusia kaleetan moztuko dute trafikoa, eta Denda kaletik Juan Labordara joan beharko da.