Argazkiak mugiezina dirudi
Udal hauteskundeek emandako emaitzek, eta ekainaren 13an alkateak izendatzeko udalbatzarrek, zeinu berbera izateko bidea daramate: irabazleen zerrendetakoak izango dira alkateak ziurrenik.
![Irungo PSE-EEren hautetsiak, igandean, kontaketa egin ondorengo ospakizunean. Zinegotzi batean gora egin du sozialisten taldeak.](http://bidasoa.hitza.eus/site/files/2015/05/p002_f01.jpg)
Irungo PSE-EEren hautetsiak, igandean, kontaketa egin ondorengo ospakizunean. Zinegotzi batean gora egin du sozialisten taldeak.
«Ez dut uste sagarrak eta udareak batu daitezkeenik nire kontra joateko» Jose Antonio Santano Irungo PSE-EEren alkategaia «Beste alderdiekin hitz egiterakoan garbiago izango dut zer gerta daitekeen» Izaskun Gomez Pasaiako PSE-EEren alkategaia «Norberak bere etxe barruan egin behar du hauteskundeen balorazioa lehenik» Julen Mendoza Errenteriako EH Bilduren alkategaiaZerrenda bat bai, baina «hiri egitasmo bat» bozkatu dutela herritarrek uste du 2002tik Irunen agintari den alderdi sozialistako kideak, «lasaitasuna eta oreka dira gure ezaugarri nagusienak. Hori asko baloratu dute irundarrek. Irun da gaia zen gure leloa. Hiritarrek ondo ulertu dute hori». PSE-EEren zerrendak udal hauteskundeetarako 9.405 boto jaso zituen. Batzar nagusietakoak, berriz, 2.200 gutxiago. Santano efektua delakoaz hitz egitea zilegi dela uste du egun jarduneko alkate denak, «ez dakit nire efektua, edo nire taldearen efektua den. Dakidan gauza bakarra da, emaitzek hala diote, gure egitasmoa jendarteari iritsi zaiola». Aurreko legealdian zinegotzi bat gutxiagorekin agindu zuen PSE-EEk. Eta ekainaren 13ko udalbatzaren osaketarako plenoan ez du sorpresarik espero Santanok, ez du uste oposizioko alderdiek bat egingo dutenik beste alkate bat izendatzeko, «baina egia esan, ez dut asko pentsatu gaiaz. Dakidana da alderdi batek, gureak, babes handia jaso duela, eta bigarren alderdiak gure zinegotzien erdia lortu duela. Koherente izan behar da: ez dut uste sagarrak eta udareak batu daitezkeenik nire kontra joateko». Bigarren postuan bost zinegotzirekin berdinduta gelditu dira indar handiz udalean sartu den Si Se Puede Irun eta EAJ; bostetik hirura jaitsi da EH bilduren ordezkaritza Irunen, eta PPrena bostetik bira. Lezo Igandeko sorpresetako bat Lezo izan zen. EAJk irabazi zituen udal hauteskundeak —batzar nagusietarako bozketan EH Bildu izan zen garaile—, EH Bilduri 45 boto ateraz, baina irabazi. Seina zinegotzi lortu dituzte bi alderdiek, eta PSE-EEk bat. Emaitza estua izan arren, ziurtzat eman daiteke Kepa Garbizu jeltzalea izango dela datozen lau urteetan Lezoko alkate, batetik hauteskundeak irabazi dituelako, bestetik ezinezkoa delako PSE-EEren zinegotziak eta EH Bilduren seiek bat egitea alkatetza Garbizuri kentzeko. EH Bilduk Gipuzkoan izan duen beheraldi orokorraren barruan kokatu beharra dago koalizioaren boto jaitsiera Lezon, eta gainera, herrian bertan hartu diren hainbat erabakirekin ados ez daudela adierazi dute lezoarrek, ikusita udal hauteskundeetan EAJ izan dela irabazle, eta batzar nagusietakoetan EH Bildu. Pasaia Igandeko beste sorpresetakoa Pasaian eman zen. Azken bi legealdietan ezker abertzalearen alkatetzak izan eta gero, PSE-EEk irabazi zituen hauteskundeak, batez ere Trintxerpeko barrutian lortutako boto poltsari esker. Hain zuzen, udal gobernu taldeak abian jarritako hondakinak biltzeko sistemaren kontrako mugimendu handiena bertan sortu zen. Antxon nahiz Donibanen EH Bildu izan zen garaile, eta San Pedron, berriz, EAJ. Bigarren indarra EAJ izan zen udalerrian, PSE-EErekin bosna zinegotzirekin berdinduta, eta hirugarrena, berriz, EH Bildu: aurreko legealdian zituen zinegotzietatik erdira jaitsi da Migel Mari Torrea buru zuen zerrenda. Pasaia(k) Ahal Du laugarren indarra izan da, hiru zinegotzirekin.
«Ez dut uste sagarrak eta udareak batu daitezkeenik nire kontra joateko» Jose Antonio Santano Irungo PSE-EEren alkategaia «Beste alderdiekin hitz egiterakoan garbiago izango dut zer gerta daitekeen» Izaskun Gomez Pasaiako PSE-EEren alkategaia «Norberak bere etxe barruan egin behar du hauteskundeen balorazioa lehenik» Julen Mendoza Errenteriako EH Bilduren alkategaiaEkainaren 13ko udalbatzaren osaketarako plenoan ez du ezustekorik espero Izaskun Gomezek, Pasaiako PSE-EEren buruak. Baina horren aurretik iragarri du alderdi politiko guztietako ordezkariekin bilera erronda egingo duela; astelehenean bertan EAJko eta EH Bilduko ordezkariekin batzartuko dira sozialistak. Garbi du alkaterako bere burua aurkeztuko duela Gomezek, eta esan duenez, horretan eragina izan dezakete Pasaia ez den beste toki batzuetan har daitezkeen erabakiak, «baina horrekin oraindik ez dago deus ere ziur. Balizko akordio horiek beste erritmo batera doaz». «Oso zaila da», Gomezentzat, bera alkate ez izatea, «gauza arraroagoak ere ikusi izan dira politikan, baina nik neure burua alkate izateko aurkeztuko dut, eta beste aukerak, nire ustez, ia ezinezko dira. Beste alderdiekin hitz egiten dudanean garbiago izango dut ekainaren 13an zer gerta daitekeen». Errenteria-Orereta Errenteriarrek EH Bilduren eta Julen Mendozaren gestioa berretsi dute. 600 botoko aldearekin irabazi ditu hauteskundeak koalizioak, baina PSE-EE bigarrenarekin zinegotzietan berdinduta. Hau da, gehiengorik ez du lortu, baina bermea badu Mendozak berriz ere alkate izateko. Ez dirudi ekainaren 13an Mendoza ez den beste bat izendatuko dutenik Errenteriako alkate. Aste honetan EH Bilduren buruak Hitza-ri egindako adierapenetan, Irabaziz Errenteria alderdiarekin —lau zinegotzirekin indartsu sartu da udalean— balizko akordioak lortzeko hitz egiteko astia badagoela esan du, eta hori egiteko «adosteko eta ulertzeko» modu bat izatea garrantzitsua dela. Baina lehenik eta behin, «norberak bere batzarretan, bere etxe barruan», hauteskundeen balorazioa egin behar duela uste du Mendozak.